Zubiak

Ondare arkitektonikoa

– Zubiak

Etxalarko Zubiak

Sarrikuko zubia eta Garaiko zubia:

Bi zubi hauek 1760. urtean egin zituzten. Zubi hauetatik, “Santiago bidea” izeneko bide zaharra, bertatik pasatzen da. Herrian Garaiko zubia, ermitako zubia bezala ezagutzen da. Bi zubi hauek ondoan duten baserrietatik hartzen dute izena, bata Garaiakoetxea bordatik eta bertzea berriz Sarrikuko bordatik Eraiketa, erromatar estilokoa, eta itxura, ia berdina dute bi zubiek, Sarrikukoa pixka bat handiagoa izanik. Garaiko zubiari XX. mende bukaeran konponketa batzuk egin zizkioten. Biek bisita bat egiteko parada oso interesgarriak dira.

Zubiaundi Zubia:

Herrian Arroseako zubia bezala ezaguna den harrizko zubi hau (Arrosea etxearen ondoan baitago), Antsolokueta eta Andutzeta auzoak batzen ditu. Herriko zubi handienetako bat da eta bi arku dituen bakarra. Zubi honi 1888. urtean, bazterreko paretak konpondu zizkioten.

Iturriotz-ko Zubia:

Herriaren sarreran dagoen arku bakarreko zubi honek, Iturriotz izena du. 1887. urtean egindako eraikuntza honek, 9.127,80 pezetetako balioa izan zuen. Honen aitzineko zubia egurrezkoa zen. Izena, garai batean bertara ailegatzen zen iturri batetik hartua zen.

Sainduneako Zubia:

Zubi hau Urritzokieta auzoko zubirik zaharrena da. Hau Sainduenea baserriaren ondoan dago. Arku bakarrekoa da eta harri gorriz egina.

Arteneko Zubia:

Zubia hau arteneko errekaren bukaeran dago. Zugarramurdira joateko bide zaharrari jarraipena ematen dio. Denbora batean bertatik, Aralarko “San Miguel “-en imajinaren etorrerarekin, landak eta belardiak bedeinkatzen ziren.

Arbiako Zubia:

Zubi hau herrian ez da hagitz ezaguna da. Goiko zentrala elektrikotik 300 bat metrotara kokatua dago, bidetik hamar bat metrotara erreka alderantz. Bertatik ziurrenik Santiago bidea pasako zen. Zubia pasatzen duen bidea jarraituz Desola baserrian dauden Burdinolen aztarnetara eramaten gaitu. Zubiak segidako inskripzioa dauka:  J.A.S. 1801.