Ondare kulturala
– Ohitura zaharrak
Udal batzarrak
Lehen udaleko korporaziokoak bilera edo antzeko batera biltzeko, elizako ezkilak hiru aldiz jotzen ziren. Ez ba ziren denak agertzen beraien etxera joaten ziren abisatzera Eskuineko argazkian ikusi daiteke orduko Etxalarko udal taldea herriko telefonoaren inagurazioa egitera.
Auzolanak
Urte batzuetan ohitura geldirik egon bazen ere, gaur egun martxan jarraitzen du baina maila apalago batean. Garai batean urtean bi egunez egiten ziren, lehen egunean mendietan mintegi lanak egiten ziren eta bigarren egunean hondatutako bideak konpontzen ziren besta aitzineko egunetan. Lanak, herritarrez gain, udaltzainak, basozainak eta bi laguntzaileek egiten zituzten. Gaur egungo auzolanak herrian zentratzen dira batez ere eta egiten diren lanen artean, bazterrak txukuntzea izaten da egiten den lanik garrantzitsuena. Badira ere baserrietan bizi direnak euren bazterrak eta bideak txukun mantentzen dituztenak ere.
Zerri hiltzea
Nahiz eta gaurko egunetan ohitura hau etxe aunitzetan egitez utzia den, betidanik ezagutzen den ohitura bat da zerri hiltzea. Herrian gaur egun etxe gutxi batzuetan jarraitzen da ohitura honekin. Zerria hiltzeko garaia San Martin egunetik (azaroak 11) aitzinera hasten da, otsaila alde arte, abendua eta urtarrila izanik zerri gehien hiltzen diren hilabeteak. Hiltzen zen zerria, abuztu aldean aukeratua izaten zen bertze zerrien artetik. Batzuk zikiratu egiten ziren lodiagoak egiteko. Animalia hil aurretik “giak” edo antzeko baimen bat atera beharra zen txerriaren kalitatea ziurtatzeko. Hiltzerakoan kontutan eduki beharra zen zerriaren sexua eta eguraldia; emea bazen garai onena ilbeheran eta arra bazen berriz, hilberrian.
Egun honekin ongi gosaltzeko ohitura izaten zen: baratxuri zopa, gibela ondo frijitua, piku batzuk eta gero, kafea anisarekin eskaintzen zuten. Baina hobekien pasatzen zutenak haurrak ziren. Zerria hiltzen zenean, garrasiekin izutzen ziren, baina gero, maskuria garbitu eta puztu egiten zen lehortzeko, gero inauterietan erabiltzeko. Nahiz eta etxe batzuetan zerria hiltzeko lanetan tresna berriak erabiltzen hasi ziren, errate baterako sopletea zerria erretzeko, prozesua eta tresna gehienak betikoak izaten jarraitzen dute ohitura mantentzen den etxeetan; nabala zerria hiltzeko, iratzea zerria erretzeko, kalean zerria zintzilikatu hozteko, eta abar….
Behin zerria puskatutakoan, auzoko eta senideei puska batzuk eramaten zitzaien. Lehen, puskak, aza hostoetan bilduta eramaten ziren eta etxe bakoitzera zerri puska zehatza (odolkia, gibela, lukainka…) eramaten zen. Puskak entregatzerakoan diru, galleta edo bertzelakoak ematen zituzten. Gero bertze etxekoek hiltzen zutenean, emandako zerri puska berdina bueltatzen zuten. Azken ohitura hau, oraindik ere gaur egun mantentzen da.