Ondare arkitektonikoa
– XX. mendea
Etxalarren XX. mendea, transformazio garai bat izan da, gauza aunitz desagertu egin dira, baina gauza aunitz sortu egin dira ere.
Aldaketa nabarmenetako bat biztanle kopuruan eman zen. XX. mende hasieran, Etxalarko biztanle kopurua gaur egungoa erraz bikoizten zuen.
Mende hasieran lanbide desberdin ugari baziren herrian. Gaur egun bakarren batek oraindik dihardu lanean. Garai haietan herrian baziren urezko lau errota martxan, garrantzizko teileri bat, zerrategiak (gaur egun badago bat), oihan eta meategi esplotazioak, tailer txikiak eta kisu labeak nekazaritzan ongarri bezala erabiltzeko eta igeltserotzan etxeak zuritzeko.
Garai haietan herrian ere baziren bi ostatu, herriko musika banda bat, albinti bat, baso zain bat, txiroentzako etxe bat eta aska aunitz herrian sakabanatuak abereak ura edan ahal izateko. Mendeko lehen urte horietan abeltzaintza arlo guztietan indartuta zegoen.
Urteak aurrera joan ahala, gerra ondoko urteetan batez ere, baserriak eta herriko etxeak husten joan ziren, bai biztanle kopurua aldetik nahiz abere buru kopuru aldetik. Garai haietako herriko gazteriaren zati handi batek, Ameriketara joan zen artzain lanetara, bertze batzuk berriz Frantziara joan ziren sasoikako langile bezala egurgile bezala lan egitera oihanetara.
Herriko mugan, mendearen erdialdean, herriko bizilagunen joan etorriak ohikoak ziren, hauetako batzuk kontrabando lanetan ibiltzen baitziren, “gau lana” bezala ezaguna zena. Honek diru sarrera polita suposatzen zuen garai haietarako eta bizitza aurrera ateratzeko lagungarri.
Mendearen azken herenean, industriaren etorrerarekin, herriko nekazaritzak eta abeltzaintzak izan zuten jaitsierarik nabarmenaren garaia izan zen. Urteak aitzinera joan ahala jaitsierak jarraitu egin zuen gaur egungo presentzia ia sinbolikora ailegatu arte.
Gaur egun Etxalar zerbitzu aunitz dituen herria da eta bertako ekonomia negozio ttiki, Lorpen galtzerdi fabrika, turismo sektorean eta nagusiki inguruko industria guneetan oinarritzen da.