USATEGIAK
– Uso pasa
Uso Pasa
Usoak sareekin harrapatzeko denboraldia urriaren 1ean hasten da eta azaroaren 20. egunaren inguruan bukatzen da, beti ere usoaren etorrera eta eguraldiaren arabera. Ipar Europako hotzetatik ihesian datozen hegazti hauek, Afrika dute helburu, bertako klima goxoan negua igarotzeko.
Uso pasa, sasoia aitzinera doan heinean, aldatzen joaten da. Urrian, sasoia hasten denean, lehendabiziko usoak multzo txikitan etortzen dira nahiko sakabanatuak. Tartean txoloma batzuk ere pasatzen dira.
Urria aurrera doan heinean, uso multzoak ugariagoak eta handiagoak izaten dira. Sasoi gehientsuenetan, urriko bigarrengo hamabostaldian pasatzen da uso kopuru eta multzo handienak.
Hilabete honetan, hasieran eta erdialdera batez ere, usoak ez dute inongo ordutegirik izaten eta edozein ordutan ikusi ditzakegu hegan. Azaroa partean berriz, uso pasa zeharo aldatzen da. Sasoiaren azkeneko zati honetan, normalki uso pasa goizeko lehen orduetan izaten da, nahiz eta aunitzetan eguerdian edota arratsaldez pasa eta harrapatu egiten diren. Uso sasoiak bukaerako egun seinalatu bat eduki arren, batzuetan lana egun batzuk luzatzen da, beti ere uso pasa eta eguraldiaren arabera.
Haizearen zerikusia: Haizeak, usoak harrapatzeko garaian, garrantzi handia edukitzen du. Sareekin usoak ehizatzeko egunik aproposena egun garbi bat da, iparreko edo ipar-ekialdeko haizerekin. Ekialdeko haizea ere ez zaio gaizki etortzen. Hegoko eta mendebaleko haizek berriz ez dira batere onak izaten. Hego haizea zakar dagoenean, sareak kendu behar izaten dituzte hauek ez puskatzeko. Haize honekin uso pasa dagoenean, usoek altuera handia hartzen dute eta usazaleentzat usoak jaistea zaila izaten da, are gehiago saretan sartzea.