Urtean zehar

OSPAKIZUNAK

– Urtean zehar

Artisau eta Gasna Feria

Ospakizun hau urtetik urtera indarra hartzen joan da herriko ospakizun tradizionala bihurtu arte. Hau ekainaren lehen igandean ospatzen da eta segidako garapena izaten du egun honek; Goiz partean, herriko frontoian, gasna lehiaketa eta artisau erakusketa burutzen dira. Aldi berean eguerdi partean animazio ekitaldi desberdinak antolatzen dira; erakusketak, kontzertuak… Egun honetan herriko elkarte zein partikularrek euren erakusketak antolatzen dituzte ere, eskulanak eta baserriko tresneriena nagusiki.

Behin gasna lehiaketako irabazleak jakinda, herri bazkari jendetsu bat ospatzen da leku berean musikaz girotua.

Arratsaldean ekitaldi kultural desberdinak antolatzen dira egun honekin, aldatuz urtetik urtera.




Haurraren eguna

Hasiera batean ospakizun hau bakarrik ikasturtea bukatu eta hurrengo igandean ospatzen zen. Gaur egun ospakizunak ostiraletik hasten dira.

Ostiralean Landagain eskolako haurrek urteetan zehar egin dituzten lan erakusketa izaten da eta ondotik ekitalditxo batzuk.

Igandean bertzetik, egitaraua zabalagoa da. Goiz partean Landagain eskolako erakusketa aukera dago berriz ere. Eguerdi partean frontoian ipuin lehiaketako sari banaketa izaten da eta ondotik haur guztien bazkaria.

Bazkal ondoren animazio ekitaldiak izaten dituzte haurrek, desberdinak urtero.


San Juan Sua

Urteren podorez ospakizun honen kokapena aldatuz joan da. Garai batean sua herriaren kanpoaldean pizten zen honen neurriak haundiak izaten baitziren aitzineko asteetan haurrek bildutako papera eta kartoiengatik.

Gaur egun ospakizuna herriko plazan burutzen da eta eraldatuta dago garai batekoarekin alderatuz. Besta  berendu-afari batekin hasten da frontoian (Bertara norberak nahi duena eramaten du) eta honen ondotik, aspaldiko ohitura den bezala, kalejira egiten da herrian zehar joareak edo antzekoak astinduz. Behin itzulia bukatuta suak pizten dira herriko plazan haur, gazte eta helduak hauen gainetik sato egiteko. Lehen su piztea herriko txistulariekin egiten da.




Usategietako Igandea

Ospakizun hau herrian ospatzen den zaharrenetakoa da eta urriko hirugarren igandean ospatzen da. Urte batzuetan egun honen bezperan bertzelako ekitaldiak antolatu izan dira, kontzertuak, festibalak.. Gar egun zerbait antolatzen da baina xumeagoa.

Egun honen goiz partean jendea Usategietara igotzen da bertako aitzinako ehiza sistema berezia ikustera eta bidenabar eguraldiak laguntzen badu usoak sarez harrapatzen ikustera ere.

Arratsaldez bestak herrian jarraitzen du. Berbena bat izaten da arrats partera arte eta taloak jan eta zerbait edateko postu bat izaten da.

Usategietako Tradizioaren Besta

Olentzero

Egun hau, haurrentzat bereziki, egun berezia eta polita izaten da, Olentzero bai dator etxeetara opariak banatzera!

Arratsalde partean plazan denak elkartuz hasten da ospakizun hau. Abenduaren 24an, ohitura den bezala, kalejira egiten dute herriko bizilagunek baserritarrez jantzita Olentzerorekin  herrian zehar, txistulari eta trikitilariek lagunduta. Ibilbidean zehar zenbait geldialdi egiten dira Olentzero kantatzeko. Itzulia bukatu, Olentzero mezara eramaten da bertan kantatzeko.

Honen ondotik Olentzero plazara eramaten da eta azkenekoz kantatzen zaio. Ospakizuna bukatzeko berendua eskaintzen da eta herriko musikari kontzertua eskaintzen dute.




Ela-Ela

Urte azken egunean, urte zahar egunean, goiz goizetik, herriko haur eta gazteak etxez etxe eta baserriz baserri eskian ibiltzen dira Ela-Ela abestia kantatuz urtatxa biltzeko (Goxokiak, fruta, galletak, dirua, etab). Ohitura den bezala eskian bakarrik goizean ibiltzen dira eta baserritarrez jantzita egoten dira haurrak. Aspaldiko ohitura da herrian eta haurrek aunitz gozatzen dute egun honekin.