ONDARE KULTURALA
– Pello Apeztxea Zubiri
Bizitza
Gaur egun ezagutzen dugun Etxalar ez zen gauza berdina izanen gure herrira Pello agertu ez balitz. Berak azken mende erdian herriaren alde egindako gauza guztiak, herri mailan izan den pertsona garrantzitsuena bihurtu zuten. Herriak estimu handian zuen Pello, jendearen apeza zen.
Goizueta herrian jaio zen 1932ko ekainaren 24an.
Pilotaria gaztetan (Olaizola pilotari ohien osaba zen), 11 urte seminarioan egin ondoren Etxarri Aranaz herrian hamar urtez apaiz izan zen (1955tik 1965era). Bertan apaiz laguntzaile eta organista lanak burutzeaz aparte, herri honetako abesbatzaren sortzaile eta arduraduna izan zen.
Urte hauen ondotik Etxalarrera joan zen eta hemen apaiza izan zen 2022ko martxoaren 17an hil zen arte. 89 urte zituen.
Apaiza izatez aparte, bere lider izaerak, ekimen eta proiektu guztiz desberdinetan bultzatzaile eta burua izatera eraman zuten bere bizitzan zehar.
Kulturaren arlo desberdinekin, baina batez ere Euskararekin, erlazio estua eduki zuen bere bizitzan zehar. Etnografoa, etnologoa, idazlea eta euskaltzaindiaren ohorezko kide izan zen bertzeen gauzen artean.
Herri mailan txistu irakaslea izan zen (1972tik aitzinera urte mordoz). Altxata K.K.E sortzaileetako bat izan zen, beti uskara eta euskal kultura bultzatzeko asmoz. Gau eskolak ere ematen aritu zen Lesakan eta Etxalarren, alfabetatze irakaslea izan zen zehazki. “Ikastola”-ren (3-5 urteko neska mutikoak ) sorreran ere parte hartu zuen Bide Ona ekimenaren barnean eta euskara klaseak ere ematen zituen eskola ondotik.
Kulturatik kanpo, herriko biztanle baina batez ere baserritarrei, eguneroko bizitza erraztu eta hobetzeko zenbait ekimenetan parte hartu zuen, bertzeen artean herrian argia zabaltzen, baserrietara argi indarra eramaten, bertarainoko bideak moldatzen eta mota desberdinetako tramiteak egiten lagundu.
Gaur egun martxan dagoen Usoa Koperatiban sorkuntzan ere parte hartu zuen. Honekin herria elkartzea lortu zen bertze gauzen artean. Larraburua sortzeko (1988) lanean ere egon zen, ondotik Larraburua Jubilatu elkartea sortuz.
Erretoreneako zentroan mezak ematen ziren denboran, herriko lehen telebista bertan jarri zen eta bertara herritarrak hurbiltzen ziren telebista saioak ikustera. Honetan ere bere izan zen bultzatzaile.
Ttipi Ttapa aldizkariarekin harreman estua izan zuen. Lehenik, sortzailetako bat izan zen. Urte batzuz ere bertan Etxalarko berriak idazten zituen (1990-2002) eta azkenik Ttipi Ttapa fundazioaren lehendakaria (1997tik) izan zen urte batzuz. Bortzirietako Euskara Mankomunitatea eta Etxalarkoa Euskara Mankomunitatearen sustatzailea izan zen ere.
Guzti honetaz gain, sekula bere bizitza osoan, ez zion idazteari utzi. Egunkari eta aldizkari desberdinetarako idatzi izan zuen (Ttipi-ttapa, Egin, Argia, Karmel…) eta kasu aunitzetan Euskara eta Euskal kultura izaten zituen bere gai nagusienak.
Elizako munduan euskararekiko zegoen mespretxua beti salatu izan zuen modu eta leku desberdinetan. Honen inguruan badira zenbait artikulu kaleratuak (Begiratu prentsa artikuluak atalean.).
80 urte bete zituenean Etxalarko herriak omenaldia egin zion herriarekiko bere bizitzan izandako eskuzabaltasuna eta borondatea eskertzeko.
2018an Txondorra saria jaso zuen Iruñeko Udala eta Olentzeroren Lagunak elkartearen eskutik herri kulturaren ikerketan eta zabaltzean egindako lanagatik.
2022ko udan, Etxalarko udalak, Pello Apezetxea Kultur Gunea deitura jarri zion Kultur Etxeari eta sarreran bere argazkia duen plaka bat jarri zen.
Argitalpenak – Liburuak – Idatziak
Bere bizian zehar Pellok hamaika idatzi, argitalpen eta liburu argitaratu zituen.
Etxalarko Etxeen izenak Etxalarren bere historian zehar izan diren eta gaur egun diren etxeen zerrenda bilduta dago. Honetan denboran podorez, etxeen izenak jasan duten aldaketak biltzen dira, hauen ebakera, kokalekua eta etimologia azalpenak ere.
Etxalarren historiako zenbait jakingarri. Liburu honetan Etxalarko historia laburbildu dago garai desberdinetan zatitua eta garai bakoitza gai desberdinetan sailkatuta dago. Liburu oso interesgarria Etxalarko historiaz hornitzeko.
Joandakoaren oroigarriak: Etxalarko hilarriak Lan eder honetan Etxalarko elizako atarietan erakusgai dauden hilarriak bilduta daude. Lan honen hasieran herrian dauden aitzinako aztarnen azalpenekin hasten da. Ondotik elizako lorategietako hilarrien azalpena eskaintzen da.
Bi erreka arteko Andre Maria eliza Etxalarko Andra Mari elizaren inguruko lan txukuna. Liburu honetan elizaren informazio guztia dago; eraikinaren historia eta eboluzioa, barneko apaingarri, erretaula, organo eta bertzelakoen azalpena eta kanpoaldeko lorategiko hilarri, eguzki erloju eta bertzelakoena ere. Santa Krutz ermitaren informazio ere badakar. .
Prentsa artikuluak:
Azken borondatea Hil aurretik bere hurbilekoei eskatu zien, bere azken argitalpenak, ordu arte salgai zeudenak, interesatuen artean banatzeko. Zuk bere argitalpenetako batean interesatu bazaude, hurbildu zaitez eta berak eskatutako betetik dugu, zera da, liburua opari emanen dizugu.
Fontes Linguae Vasconum
Euskal hizkuntzalaritza aldizkaria honetarako, zenbait argitalpen egin zituen:
- Etxalarko etxeak
- Etxalarko usategiei buruzko gutunak
- Etxalarko etxe eta baserrien Izenak