Ondate arkitektonikoa
– Kanposantua
Herriko Kanposantua
Herriko kanposantua, XIX. mendearen erdialdean eraiki zen, Gospal etxekoei erositako lurralde batean, eliza aurreko lurretan ez baitzegoen lekurik inor gehiago lurperatzeko.
Behin kanposantua eta bertarainoko bidea egin zirenean, Etxalarko herriak eskaera bat egin zion orduan Nafarroako gobernadore zenari. Honetan obra guztiaren zorrak bere gain hartzeko eskatzen zion, 12.942 erreal kanposantuagatik eta 3.438 bideagatik, gehi elizarekin zeuzkan zorrak ere, denetara 79.804 erreal. Eskaera aurrera ateratzeko, hiru gerretan Etxalarko herritarren sakrifizioa kontutan hartzea eskatu zion.
Egin zenetik, estruktura aldetik kanposantua ez da ezer aldatu. Aldakuntza aipagarriena garai hauetan jartzen diren marmolezko hilobiak dira. Kanposantu guztia horma batez inguraturik dago. Elizako biltegi konpontzerakoan aurkitu ziren hilarrietako batzuk, bertan jarri ziren ere.
Kanposantuaren arkuzko sarreraren bi aldeetan, garai bateko “Via crucis” gurutzeak daude sartuta. Kanposantura sartu eta berehala, bi gela daude eskuinaldean. Hauetako bat garai batean, autopsiak egiteko erabiltzen zen, bertzea berriz lehen eta gaur egun biltegi gisa erabiltzen da.