Historia

USATEGIAK

– Historia

Usategietako Historia

Usategiak noiz sortu ziren konfirmatzen duen agiri edo idatzirik ez da existitzen. Usategiei buruz agertzen den lehen aipamena 1378. urtekoa da eta Iruñeko Kontu Ganbaran dago. Honetaz aparte, 1487. urteko aipamen bat ageri da Etxalarko usategiei buruzkoa ere, Iruñeko apezpikutegiko auzi paperetan. Ehiza modalitate honi buruzko informazio agertzen den urteetatik, gaur egun arte, beti bertako jabeak, Gaztelua etxea eta Sarako herria izan dira. 

Hauen aipamenak 300 urte baino zaharragoko idatzietan agertzen dira. 1812. urtetik aurrera Iguzkiagerrea etxea gehitu zitzaien Petrisantzena etxeari Elutsa sarearen eskubidea eta jabegoa erosi ondoren, horrek berarekin zekarren lur, tresneria eta abarrekin.

Mendeetan zehar bere kokapen bereziak, (Etxalar eta Sarako herrien arteko mugan daude), hainbat tira bira sortu ditu, usazaleek bertan ehizatzeko, urtero baimena lortu beharra baitzeukaten. Beste alde, Frantzia eta Espainia elkar arteko gerran izan ezik, bertze gerrate guztietan, Karlistena, bi gerra mundialetan eta zibilean, sareekin ehizatzen jarraitu zen.

1974ko kronika

Usategiak atalez atal…
Sareak

XIX. mendeko usategiari buruzko lehen idatzietan agertzen den bezala, garai haietan lau sare bakarrik jartzen ziren. Hauen jabeak Etxalartarrak eta Sarako herria ziren. Sarako herriak Errege edo Frantses gobernua ordezkatzen zuen eta beraien sareak Kalamua eta Monua ziren. Etxalarkoen aldetik bi etxe bereizten ziren, batetik Iguzkiagerrea etxea Elutsa sarearen jabea zena eta bertzetik Gaztelukoak, Miarra sarearen jabeak. XIX. mende bukaeratik aitzinera, Sarako herriak, bere sareak errentan jarri zituen. 1869an bosgarren sarea jarri zen; Fortuna izenekoa. Eta beranduago, 1920aren inguruan Lakaina izenekoa. Lehen, sareak, usategieta bertan egiten ziren Frantziatik eta Donostiatik ekarritako hariarekin eta hauen iraupena 8 eta 10 urte bitarteko izaten zen, konponketak eginda. Gaur egungoak berriz 10 bat urte jasan dezakete eta konponduta, urte batzuk gehiago ere.

Ehiza kontuak
Ez usoak bakarrik

Lehen usoez aparte, sareekin tortoilak eta oilagorrak ehizatzen ziren. Azken hauek eguna argitzerakoan eta ilunabarretan harrapatzen ziren. Harrapaketak ez ziren handiak izaten; 1873. urtean 20 bat harrapatu zituzten. Tortoilak berriz kopuru handiagoetan harrapatzen ziren eta sasoi batzuetan usoak baino gehiago harrapatu izan ziren. Tortoila harrapaketaren errekorra, 1897. urtean dago 337 dozenekin. Hegazti hau ehizatzeko sasoia Ama Birjina egunean, abuztuak 15, hasten zen eta San Migel egunean, Irailak 29, bukatu. Erabiltzen ziren sareen laukitxoak, usoetan ibiltzen ziren sareenak baino txikiagoak ziren. 1925. urtetik aitzinera sareekin tortoilak harrapatzeaz utzi zen.

Denboraldia

Usoak ehizatzeko sasoia berriz, XIX. mendeko lehen urtetan San Migel egunean hasten zen, tortoila sasoia bukatzean, eta bukatu berriz San Martinetan, azaroak 11. Orduko harrapaketak gaur egungoak baino askoz ere ugariagoak izaten ziren nahiz azken bi mendetan gora behera franko eman. Harrapaketei dagokionez, bertako histori guztian urterik hoberenak 1933 eta 1955 bitartekoak izan ziren. Tarte honetako urte askotan mila dozenatik goitiko sasoi ugari izan ziren; 1400, 1500, 1600 dozenetako denboraldiak. 1950. urteko arratsalde batean 200 dozena harrapatu ziren. Lotura (Harrapaketak.) Garai oparo horien ondotik, harrapaketa kopurua eta ehiza, urritzen eta txikitzen joan da. Gaur egun 100 dozenetako sasoia oso ontzat hartzen da eta baita gutxiagokoa ere.

Usazaleen soldata

Soldatari dagokionez ez zuten gaur egun bezala ordainsari ttiki bat. Lehen, harrapatzen zena edo hau saldutakoan bildutako dirua, banatzen zen. Banaketa egiterako garaian, araudi bat izaten zen, beti ere usazale bakoitzaren lanaren eta esperientziaren arabera. Urteak aurrera joan ahala, banaketa gero eta parekatuagoak egiten ziren. Banaketak. 1970 aitzinera usazale guztiak soldata berdina eduki dute. Garai haietan, XIX mende bukaeran eta XX. mendearen hasieran, liskarrak eta enfrentamenduak ugariak izaten ziren usazale eta ehiztarien artean. Honen soluzio gisa, 1906. Urtean, bertako jabeek eta usazaleek, arautegi bat sortu zuten bertako funtzionamendu eta giroa erregulatu eta hobetzeko.

Salmenta
Usategiaren historian zehar uso gehien erosi duen jendea Lapurtarrak izan dira, eta batez ere Sarako herritarrak. 1873an, 241 dozenatik, 182 Saran saldu ziren. Hemeretzigarren mendean, Donostiako Real Sport Club-ek, Etxalarko sarean harrapatutako tortoila eta txolomak eramaten zituen, jaurtitzaileentzako entretenigarri. Inguruko hiriburuetara ere asko saltzen zen.
 
Beti ere bizirik edo hilak zeuden desberdintzen zen. Gaur egun erostunak berdintsuak izaten jarraitzen dute; lapurtarrak, jatetxe famatuak, erreklamo ehiza motarako, eta abar. Hauen prezioak bizitzaren eboluzioarekin batera, igotzen joan dira.
 
Hauek izan dira historia zehar izan dituzten prezio batzuk; 1852an uso pare batek (hilak) 14 erreal vellon, 1920an uso bizi batek 7 pzta balio zituen, 1978an berriz uso bizi batek 1500 pzta balio zituen eta hildako batek 275 pzta, 1984an biziak 3300 pzta eta hilak 800, eta horrela gaur eguneko prezio arte.
 
Eskopetak
Usategien histori guztian zehar eskopetako eta sareetako ehiza, nahiz ehiza mota oso desberdinak izan, betidanik elkar bizi egin dira. Usategietako historian, eskopeta ehizari buruz bi bereizketa egiten ahal dira. Batetik 1932 aitzineko garaia eta bertze aldetik 1932 ondokoa.
 
Lehen garaian, bertan eskopetarekin ehizatzeko, Gazteluren baimena eduki behar zen. Beti bezala, istiluak sortzen ziren ehiztari eta sareen jabeen artean. Nahiz eta funtzionamendu legedi bat izan, ehiztari batzuentzat hau ez zen existitzen.
 
Bigarrengo garaian berriz gauzak hobekiago joan ziren. Udalak ordu ezkero Lizarrieta eta Gaztain lepo bitartean dauden postuen ardura dauka eta zozketa sistemaren ordez enkantearena ezarri zuen. Gaur egun dena berdin doa eta urtero bezala Iarmedira hurbiltzen den ehiztari kopurua nabarmena izaten da.
 
Trepak

XIX. mendeko trapen kokapena gaur egundokoarekin konparatuz, ordukoa, askoz ere zabalagoa zen nolabait erranda, trapen artean osatzen zuten inbutu naturala, gaur egunekoa baino handiago zen (2 km-ko zabalera) 11 trapa edo ehiza lekuz osatua zegoen eta. Hauetako hiru, Abat-arri, Domikua eta Arrikua, 1971. urtean kendu zituzten, hauen atze-aldean den Gaztainlepoa, ehiztariez bete zenean. Orain leku honetan iparraldeko ehiztariak jartzen dira. Segidan garai haietan usazaleak erabiltzen zituzten trapa eta ehiza-lekuak:

  • Abat-arri: Turuta eta txatarraz lan egiten zen
  • Domikua: Txatarraz
  • Arrikua: Txatarraz
  • Larrekua: Korneta eta txatarrez
  • Idoikua: Txatarra eta makilaz
  • Belata: Txatarra eta makilaz
  • Trapa: Korneta eta makilaz
  • Trapagibela: Makilaz
  • Haritzeko trapa:
  • Gibel trapa: Makilaz

Trapa eta ehiza lekuen kokapena lehen. Denetara garai haietan 13 usazale egiten zuten lan; 4 pertsona sareetan, 3 trepetan goituak eta bertze 6ak ehiza lekuetan bananduak.

Errentak
Liskarrak sortzen zituen bertze gai bat, Sarako herriari ordaindu beharreko errenta izaten zen, nahiz eta orokorrean harremanak giro onekok izaten ziren. Sareaz aparteko tresneria, trapak, eta lanbidea, Sarako lurraldean egiten zenez (eta egiten da), urtero errenta ordaindu behar zen.
 
Ordainketa bi herrien arteko mugan gelditzen den Nabarlasa mendian egiten zen, bai dirutan edo usotan. Hauetaz aparte bi sareen errentak, Monua eta Fortunarenak, ordaindu behar izaten ziren, Saratarrenak baitziren. Hauek kasu gehientsuenetan diruz ordaintzen ziren; 1863an 54 franko ordaindu ziren. Urtetik urtera igoerak izaten ziren eta ez nolanahikoak.
 
Hauek Etxalarko jendea haserrarazten zuen, eta eztabaidak sortu ere. Historian zehar, lan akordio (1826an) eta hitzarmen ugari sinatu ziren usategien funtzionamendurako. Salmenta kontuek ere, Sara eta Etxalarkoen artean liskarrak sortzen zituen. Momentu batetan, Etxalarko usategiak eskopetako ehiza-toki bat bihurtzekotan egon ziren ere.
 
Zorionez ez zen horrelakorik gertatu eta gaur egun 1984n sinatutako hitzarmena indarrean jarraitzen du. Errenta berriz gaur egun, harrapatzen denaren arabera ordaintzen da eta ez dira sortzen aitzinako eztabaidak.
 
Gainera gaur egun  Sara eta Etxalarko herrien arteko urteko hitzarmena sinatzearen ekitaldia Lizaietako gainean ospatzen den besta Usategietako Tradizioaren bestaren barnean egiten da. Ospakizun hau Irailean izaten da uso denboraldia hasi aitzinetik.
 
Herria
Urteak aitzinera joan ahala Etxalarko herriak usategietan gero eta garrantzi handiago hartzen joan zen; urte batzuetan Sarako herriari ordaindu beharreko errenta ordaintzen lagundu zuen.
 
Aurreko urteetan, herria eta usategien artean harreman kaxkarrak izaten zen, ehiza-toki hau pribatua baitzen. Hala ere bertan Guardia zibila edo ehiztariekin sortzen ziren istiluetan, udalak beti usazalearen alde jotzen zuen.
 
Azkenean, usategietako elkarteko kideek, sortzen ziren eztabaidak eta liskarrak ikusita, udalera jo zuten laguntza eskatzera. Ordutik gaur arte, udala izan da usategietako eskopeta ehizako postuen arduraduna.