OSPAKIZUNAK
– Herriko bestak
Etxalarko herriko bestak abuztuaren 14 eta 18a bitartean ospatzen dira. Herritar eta bisitarientzat oso atseginak diren egun hauetan, ekitaldi desberdinak izaten dira bortz egunetan zehar. Urte gehienetan herriko bestek segidako banaketa izaten dute:
- Abuztuak 14 besten bezpera eguna.
- Abuztuak 15 patroiaren eguna, Andra Mari eguna.
- Abuztuak 16 haur eta gazteen eguna.
- Abuztuak 17 zehaztu gabea.
- Abuztuak 18, Asau eta jubilatuen eguna.
Bestetako ekitaldi aipagarrienak, azken urteetan antolatu direnak, eta tradizio bihurtu direnak hauek dira: Herri afaria bezperan, herriko dantzarien emanaldia, herri kirol saioak, haurrentzako jolasak, Mus txapelketa, pilota partidak, dantzaldiak egunero, jubilatuen bazkaria eta asaua ermitan.
BESTETAKO PROGRAMAK
Garai bateko bestak
Bestetako historiari gainbegiratu bat emanda, garai batean gaur egun burutzen ez diren ekitaldiak izaten ziren herriko bestetan, tartean betizuak herriko enparantzan, antzaren lasterketak, txirrindularien lasterketak edota zaldi lasterketak. Badira ere gaur egun oraindik ere burutzen direnak; herri kirolak, pilota, dantzaldia, eta abar.
Besten inguruko bitxikeriak:
Jarrain Etxalarko bestetan izandako hainbat gertakari bitxi biltzen dira. Denak XX. Mendekoak dira.
- Plazan dantzatzen zen jendea normalki. Euria egiten zuenean, berriz, kuartelaren arkupean, egungo kultur etxe azpian.
- Sokatira desafioa: Herritarrak baserritarren kontra.
- Andremaritarako alkatearen bandoa. Portaera ona espero zuen jendearengatik, ez zitezela izan zigortzeko egunak, moraltasun eta ohitura onen kontrako jokaerengatik.
- 1947-1948. Herriko bestetan, goizeko ordu 1etik 7ak arte, inolako soinurik ez zela onartuko adierazten zuen bandoa eman zuten.
- Herriko bestak bortz egunez luzatu zituzten eta gastuetarako diru bilketa egin zen. Ostatuek, herriko “amerikanuek” eta bertze herritarrek egin zuten ekarpena.
- Mutil eta neska dantzari taldeak prestatu ziren, herriko bestetarako, Juan Antonio Arburuaren zuzendaripean
- Gazte batzordearen esku izan zen bestak prestatzea, Udalbatzak dirua emanda.
- Etxegaraian ostatua plantatu zuten gazteek, zenbait kultur ekitalditarako dirua biltzeko.
1932ko herriko bestetako programa
- 14a. Ezkilak eta altxaferoak, 12etan. 17etan. Berako Musika Bandarekin dantzaldia, 20ak arte, eta berriz 22etatik 1era.
- 15a. 6etan diana. Arratsalde eta arratseko 6-8 eta 10-1etan dantzaldia
- 16a. Pilota partida 11etan: Lesakako Antonio eta Etxalarko Modesto Iriarte, Lezoko Otegi eta Biurrarenaren kontra. Arratsaldean, 12-15 urtea artekoen 2 kilometroko lasterketa. Gero dantzaldia, aitzineko egunetako orduetan.
- 17a. Pilota partida 11etan: Lesakako Antonio eta Castillo, Donostiako Pedro Segura eta Etxalarko Modestoren kontra. Arratsaldean eta arratsean, dantzaldia.
- 18a. Paletazko partida, Etxalarko Frantzisko Bizente eta Pedro Irisarri, Alejandro Leza eta Juan Iturriaren kontra. Arratsaldeko 4etan, haurrentzako jokoak. Ondotik, dantzaldia.
Auzoetako bestak
Herriko bestetatik kanpo, Etxalarko auzo batzuetan beraien besta propioa ospatzen dute. Lehen auzo gehiagotan antolatzen bazen ere, gaur egun auzo gutxi batzuk bakarrik jarraitzen dute. Segidan ospatzen duten auzoak:
URRITZOKIETA auzoa:
– Eguna: Santa Cruz eguneko igandean. Lehen ohitura zen Santa Cruz egun berean ospatzea eta igandean ere. Gaur egun igandean bakarrik.
Besta eguna meza batekin asten da Santa Krutz-eko ermitan. Honen ondotik bazkaria, auzoko Sainduneko zubi ondoan izaten da. Arratsalde partean, mus partidak eta musika izaten dira.
LURRIZTI EDER auzoa:
– Eguna: Maiatzako lehenengo igandean.
Garai batean emakumeak ez zuten ospakizunean parte hartzen. Lehen ospakizun hau Goienetxegaraiko bordan ospatzen zen, gaur egun berriz Agerbereko bordan ospatzen da. Auzo honetan, besta auzoko jendearen arteko bazkari batean oinarritzen da eta honen bazkalondoa.