OSPAKIZUNAK
– Erlijiozkoak
Hona hemen urtean zehar dauden erlijiozko jarduerak:
- Urte Berri eguna: Egun honetan, urtarrilak 1, urtearen hasiera ospatzen da meza batekin.
- Erregeen eguna: Egun honetan, urtarrilak 6, Erregeen besta eguna ospatzen da meza batekin.
- Otsailean, Erramu igandea: Pazko igande aurreko igandean, jendeak erramu sortak eramaten ditu mezara hauek bedeinkatzeko. Behin hauek bedeinkatzerakoan etxeetako leiho iskinetan edo ate sarreretan jartzen dira tximistetatik babesteko.
- Aste Santua: Garizuma edo berrogeialdi ondoko egun berezi hauetan Jesukristoren pasioa eta heriotzaren oroitzapena egiten da. Aste berezi hau ostegunetik (ortzegun santua) hasten da Jainkozko ofizioarekin. Hau mezaren antzeko ospakizun bat da. Ortzila santuan, mezaren ondotik, prozesioa egiten da herriari bira emanez. Prozesioa honetan jarraieko irudiak garraiatzen dituzte: Kristo gurutziltzatu, “la Dolorosa” izeneko ama Birjina, Kristo gurutzea bizkarrean daramala (herriko batzuek eramaten dute) eta azkenekoz baratzeko otoitza aingeru baten irudiarekin. Hurrengo egunetan, Larunbata santuan eta pazko igandean, mezak ospatzen dira. Pazko igandean Jesukristo piztu egin zen seinale, elizako ezkilak jotzen dira.
- Andra mari eguna: Egun hau, abuztuak 15, herriko bestetako egunik garrantzitsuena da eta aldi berean herriko patroia. Egun honetan ere meza ospatzen da.
- Santu guzien eguna: Egun honetan, azaroak 1, eta aurrekoetan, jendea kanposantutik pasatzen da bere senideen hilobiak txukuntzera. Egun honen ondotik kanposantuko itxura aunitz hobetzen da jartzen duten lore eta bertzelakoekin.
- San Frantzisko Jabier: Nafarroako patroia den egun honetan, abenduak 3, jende helduak izaten du protagonismo gehiena Etxalarren. Goizez meza izaten da, bezperan ere. Eguerdian jende helduak Larraburuan bazkari eder bat egiten dute eta honen ondotik laurogei urte egin duten Aitatxi amatxiei onartze plaka bat oparitzen diete. Egun oso polita eta atsegina izaten da herriko zahar eta jubilatuentzat.
- Andra Maria sortzez garbia: Egun honetan ere, abenduak 8, meza ospatzen da.
- Eguberri eguna: Egun honetan abenduak 25, Jesukristoren jaiotza, meza batekin ospatzen da. Bezperan ere, Olentzero egunean, meza ospatzen da baita ere.