Ondare kulturala
– Ohitura erlijiosoak
Aste Santua
Garai batean Aste Santuko prozesio ortzegunetan izaten zen, gaur egun berriz ostiraletan. Prozesioaren itzulia bertze garai batean egiten zen berdina da, Jauregieta, Iñarreta eta Andutzeta auzoetatik pasatuz.
Garai haietan ostirala santu goizean “via crucis”-a edo gurutze-bidea egiten zen. Ospakizun honetan, 14 gurutzek, kalbarioaren urratsak irudikatzen dute. Ibilaldi honetan errezatzen joaten ziren honako tarteak eginez: Kanposantutik ermitara eta Arroseko iturritik Kamioa etxeraino. Aipatu tartetan ikusgarri daude “Via crucis”-eko edo gurutze-bideko gurutze gehienak.
Ortzila santuan, ohitura den bezala, prozesioaren ondotik berenduak egiten dira herriko elkarte eta ostatuetan. Lehen egun honekin bakailaoa jateko ohitura zen, orain berriz edozein gauza berentzen da.
Aralarko San Migelen imajina
Garai batean, gaur egun bezala, urtean behin bakarrik etortzen zen Aralarko San Migelen imajina, baina zeregin gehiago izaten zituen lehen. Hauetako zeregin bat landa eta belardiak bedeinkatzea izaten zen. Horretarako honako ibilaldia egiten zuen:
- Lehen bedeinkapena: Elizako
- Bigarren bedeinkapena: Irisarrea etxeko atakan (Landagain eskola ondoan)
- Hirugarren bedeinkapena: Landabaurua etxean, Iñarreta auzotik joanda.
- Laugarren eta azken bedeinkapena: Argatako zubian, Antsolokueta auzoan herriko saihesbidetik joanda.
Bedeinkapenak egin ondotik, imajina elizara itzultzen zen.
San Migelen Imajinak bertze zeregin bat izaten zuen ere; hagitz eri zegoen jendeak nahi izan ezkero, Aralarko San Migelen imajina etxera eramaten zieten hau miresteko.
Gaur egun berriz Aralarko San Migelen bedeinkapena, elizako atarian bakarrik egiten da
Udal korporazioaren urteko mezak
Bere denboran, Etxalarko udaleko udal korporazioak meza zehatz batzuetara joan beharra zeukan.
Adibide bezala 1875. urtean joan behar zuten meza zerrenda. Garai hartan herriko alkatea Juan Arrivillaga zen eta idazkaria Javier Azua.
- Jaunaren erdainkuntza (Urt. 1), Erregeen adorapena (Urt. 6), Andra mariaren garbikuntza (Ots. 2), Berrogeita hamarren igandea (Inauteriak, Bulda), Erramuen bedeinkapen igandea, ortzegun eta ostiral santua, Berpizkunde igandea, Jaunaren goraldia, Mendekoste eguneko pazkoa, SSmo Habeas Christi, Jesusen bihotz sakratua, San Pedro (Eka. 29), San Fermin (Uzt. 7), Santiago (Uzt. 25), Andra Mari (Abu. 15), Andra Arrosario (Urrian), Santu guziak (Aza. 1), Andra Maria sortzez garbia (Abe. 8), Jesus kristoren jaiotza (Abe. 25).
- Gainera, Andra mari eguneko bezperan joaten ziren: zortzigarren “SSmo Hábeas christi” egunean eta hilabeteko hirugarren igandean
“Biderakoa”
– Zer da?: Hil zorian zegoen jendeari eukaristiako sakramentuak ematen zieten.
Biderakoa jasotzeko, aldez aurretik gaixoak edo bere etxekoak eskaera egin beharra zuten. Behin elizakoak enteratu ondotik, hiru kanpai-hots jotzen zituzten gaixoa karrikan bizi baldin zen eta hamar baserrikoa balitz.
Karrikako kanpai hotsak jo ondotik meza-mutilak txintxilla jotzen zuen herritarrak elizatik agertzeko. Hemendik argizari batekin, gaixoaren etxeraino apezari laguntzen zioten. Etxera jendea ez zen igotzen.
Apeza baserri batera joan behar zuenean herritarrek bertaraino ez zioten laguntzen.
Behin gaixoarekin, jaun-hartzea eta oliadurak ematen zitzaizkion gaixoari.