Ondare arkitektonikoa
– Echarlassa burdinola
Echarlassa burdinola
Honako izena du, herritik lau kilometrotara kokatu dagoen burdinola zaharra. Honen ondoan zentral elektriko bat dago. Burdinola ondotik zentral aldera doan bidea, herrira eramaten zuen bidea zaharra zen.
Burdinola tximista erreka bazterrean kokatua dago, gaur egun herrira eramaten duen errepidearen azpi aldean. Burdinola bi eraikuntza desberdinetan banatzen da, burdinola handia eta burdinola txikia. Hauen paretak eta lurrak harri gorrizkoak dira, herriko zentinela menditik ekarritakoak ziurrenik, herriko bertze etxeentzako bezala. Burdinolaren azpi aldeak uholdeek ekarritako legar eta lurrez estalita daude.
Aitzinako idatzien arabera, bertan jendea bizi zen. Bi eraikinen ondoan bi labe daude. Hauetan mena edo burdin minerala kiskaltzen zen, gero burdinola handian lantzeko.
Bi eraikuntzen arteko diferentzia ez zen tamaina bakarrik, bertan egiten zen lana desberdina zen baita ere. Burdinola handian, burdin mineralari burdina ateratzen zioten eta gero burdin hau kolpatuz arbastu egiten zen totxo (1 * 8zmkoak) antzeko batzuk ateraz. Gero totxo hauek hartu eta burdinola txikira eramaten ziren bertan mehetu eta azken produktua ateratzeko. Bertze desberdintasun aipagarri bat, eraikin bakoitzean erabiltzen zituzten hauspoak ziren. Handian haize korronte handia behar zuten sutegian tenperaturak handiak lortzeko burdin minerala urtzeko.
Eraikin handian hauspo bat edo bi erabiltzen zituzten eta txikian berriz haize-arka metodoa erabiltzen zen. Eraikin baten bazter batean 1780. urteko data bat agertzen da. Orduan handitze edo berregite lanak egin izanen zituzten.
Eraikuntzetatik berrehun bat metro gorago, burdinolaren presa zegoen. Bere garaian presa honen funtzioa burdinolara ura bidaltzea zen. Honek 25 metroko zabalera zeukan eta harri gorriz egina zegoen. Gaur egun aztarnak bertzerik ez daude, 2007ko uholdeek presa suntsitu baitzuten.
Presaren eskuineko aldean jaiotzen den ubideak, burdinolarako bidean dimentsio desberdinak ditu. Hasierako zatian zabalera 3 metrokoa zen, erdiko zatian 4 metrotara zabaltzen zen eta bukaeran, depositua antzeko bat zegoen lekuan, 5 metroko zabalera eta 15 metroko luzera zeukan. Luzera guztiaren erdialdean hustubide bat du. Depositu honek alde batetik mendia dauka eta bertzetik 1,5 metroko zabalera duen horma bat. Horma hauek harri losaz eginak dira tartetan beruna urtua dutelarik ura ez eskapatzeko. Eraikinaren planoa
Hornikuntza
Burdin minerala
Burdinolan lantzeko materiala Bizkaitik etortzen zen batez ere, Sorromostro izeneko meategietatik. Inguruko herritatik, Bezerro eta Sarrayako (Bera) meategitik, ere ekartzen zen. Gure herrian ere meategiak ere esplotatzen ziren. Ikusgarri dago oraindik azeri lepoan izeneko parajean dagoena.
Bizkaitik ekartzen zituzten hornidurak, itsasontziz ailegatzen ziren Hondarribira. Hemendik Bidasoa ibaian gora gabarretan eramaten zituzten Montoya (Berako deskarga-lekua) izeneko lekura arte, eta azkenekoz mandazainak beraien gurdiekin burdinolaraino. Garai haietan Bidasoa ibai nabigagarria zen Endarlazako presa egin zuten arte. Echarlassa burdinolan urtean 69.000 kg burdin ateratzen zituzten. Hau ateratzeko 207.000kg mineral landu behar ziren urtean, egunean 350 kg. burdin ateraz.
Ikatza: Orduan zegoen bizimodurako, garrantzi handi zuten herri inguruko basoek, aberastasun handia baitzen. Ikatza egiteko egur kargak, lurralde publikoak nahiz pribatuak erabiltzen ziren, gero ikatz hau burdinolako labeetan burdin minerala urtzeko erabiltzeko.
Burdinolan erabiltzeko mendi karga hauek udalak banatzen zituen. Garai haietan kontsumoa handia zegoen eta kontu aunitz edukitzen zen mendia ez hondatzeko. Isunak jartzen ziren mendia gaizki zaindu edo bortxatzen zutenenei. Karga hauek herriko inguru desberdinetatik ekartzen zituzten; Ezkurriaga, Ossobiaga, Zimeldiko erreka, Barda… Leku hauetan oraindik nabariak dira ikazte-plazak.
Egurra saltzen zuten partikularrek, behartuak zeuden burdinola alokatu zuenari, egurra ikatz bezala saltzea. Hau garraiatzea, mandazainen esku gelditzen zen eta zakuen neurriak udalak erraten zuenak izan behar ziren. Eguneroko produkzio egiteko, ikazgileek eguneko 3 bat tona ikatz sortu beharra zuten eta mandazainak bertaraino eraman.
Tresnak: Burdinolako langileek lan egiteko tresna desberdin aunitz erabiltzen zituzten; (Gazteleraz) “19 cercillas, 2 puxones, 12 chimelas, gabia, boga, ingud, borra, 2 mazos, 3 pares de corrica” eta bertze tresna aunitz
Errentamendua:
Lehendabiziko errentamendu datuak 1680. urtekoak dira. Burdinola lau urterako eskaintzen zen, udalaren kargu gelditzen zirelarik bertako tresnak. Bertze gauza guztiak, errentan hartzen zuen pertsonarengan gelditzen ziren. Errendamenduaren eskaintza ondoko herrietan egiten zen ere. Enkanteak argizari batek irauten zuena luzatzen zen. Errentan hartzerakoan, errentatzailearen esku gelditzen zen burdinolako langileen kontratazioa. Burdinolaren alokairu kontratuan, ikatza, kargak eta bertzelako gauzentzako hainbat klausula zeuden bete beharrekoak. Kontratuan barne zeuden ere egur karga batzuk.
Errentamendua bukatzerakoan, burdinolako elementua guztien tasazioa egiten zen, dirua emanez bertan egindako hobekuntzarengatik eta alderantziz zerbait hondatua baldin bazegoen.
1816. urtetik aitzinera, udalak bertako kontuen ardura hartu zuen. Aldaketa hau, burdinolak jasaten ari zen dekadentziagatik eta orduko egoera zailengatik eman zen.
1868. urtean burdinola alokatu egin zen kobrea urtzeko. Komandante batek ere eskaera bat egin zuen bertan bolbora egiteko. Burdinolaren azken egunetan, inork ez zuen alokatzen eta udalak olak martxan jarrai zezan, kredituak eskatu behar izan zituen.