Bisita lekuak herrigunean

TURISMOA

– Bisita lekuak herrigunean

 

ZERBITZU TURISTIKOAK

 

ETXALAR ESCAPE ROOM

BISITA GIDATUAK

“Etxalarko historia etxeen bitartez”

Etxalar Escape room

Etxalar Escape Room, ihes-jokoetan oinarritutako jarduera bat da. Jokoan zehar, 2-6 arteko pertsona talde batek, 60 minutu izango ditu, kontrabandisten eta usategien inguruan girotutako leku batetik ihes egiteko. 

Aldez aurretik erreserba egin behar da www.etxalarescaperoom.com web orrian edo 647 007 394

Herriko bisita gidatua

Bisita etxeek gordetzen dituzten istorioetan oinarritzen da bisita hau. Amaiurko gazteluaren defentsa, Aznarren aitona, El País egunkaria, Vergara anaia pilotariak, baita Arribillagatarrak ere, etxeen izenen jatorria, “Carmen” eleberria, eliza eta hilarriak, etabar. Bisitak, larunbatetan, goizeko 11:00etan. Erreserbak: 637 466 107 edo info@gainkoborda.com

 

BISITA LEKUAK HERRIGUNEAN

KULTUR ETXEA 1685. urtean berreraikitako etxe handi hau udaletxea izan zen XIX. mende arte, honen ondotik herriko kuartela, ospitalea, eta eskola gisa ere erabili izan zen. Gaur egun berriz (2002tik) herriko Kultur Etxea da. Sarrerako atarian alde batetik harrizko arku bat du eta bertzetik harrizko bi pilare (Batek 1685. urteko inskripzioarekin) arkupe bat osatuz. Bazter batean oraindik ikusgai dago abereak pisatzeko baskula zaharra. Bere fatxadan, agerian gelditzen da eraikinaren egurrezko armazoia. Eraikin honetan turismo bulegoa, liburutegia, ludoteka, telezentroa eta erabilera anitzeko aretoa daude.
HERRIKO ETXEAK Gure herriko ondare preziatuenetakoak dira eta gure bisitariek aunitzetan nabarmentzen dutena. Elizaren bueltan biltzen dira herriko etxe zaharrenetakoak, tartean Iñarrea etxea, Iñarretan auzoari izena ematen diona. Egurrezko estruktura berezia ikusgarria du eta 2009. urtean berreraikia izan zen. “Principe de Viana” erakundearen aitorpena dauka bere arkitekturarengatik. Badira ere herrian nabarmentzen diren etxeak. Jarraian batzuk:  
Landaburua eta Iriondoa Bi etxe hauek eskualdeko herri arkitekturaren ereduak dira, egurrezko estruktura erakusten dutelarik. Iriondoa etxeak lorategi interesgarri bat dauka eta labrantzako tresnen erakusketa pribatua barnean urtero uda partean irekitzen dena.
HERRIKO ETXEAK Aldaitegia eta Etxebertzea Herriko eta eskualdeko baserrien ereduak dira, bereziki sarrerako harrizko arkua, neurri handiko ate eta leihoengatik.
ANDRA MARI ELIZA Andra Mariari dedikatua, leku paregabean kokaturik dago, herriaren erdian. Latindar gurutze plantakoa, batasun estrukturala mantendu du bere eraikuntzan zehar. Hiru fasetan egin zen: lehenengoan gaur egungo heren bat, bigarrenean pulpituak dauden lekuraino handitu eta azkenekoz aurreneko zatia, sakristia eta dorrea egin ziren; ondotik sarrerako idorpea. Barnean 1600. urteko kalbarioa, XVIII. mendeko pila bat eta 1902. urteko organo eder bat nabarmentzen dira. Elizako lorategian hilarri ikusgarriak daude, elizako biltegiaren pareten zementazioan aurkituak. (Info+)
HERRIKO ITURRIAK Herri gunean zenbait iturri daude sakabanaturik eta hauetan herrian ezagunenetako bat Arroseko iturria dugu. Izen berdineko etxearen ondoan kokatua, bere itxura zeharo aldatu zen berregin zenean. Garai batean aska forma zuen eta bertan abereak bere egarria asetzen zuten. Gaur egin jarleku bat dago iturriaren ondoan. Badira ere herrian bertze iturri batzuk; Frontoiaren atzean aldean kokatutakoa (1822 urtekoa) eta Praderenea eta Joanabarrenea etxeen parean kokatutakoak adibidez. Denek ura edangarria dute.
GARBILEKUA ETA PRESA Antsolokuetako garbilekua, errotako presaren ondoan kokaturik, 1686. urtean egin zen 1657 errealeko aurrekontuarekin. Bertara auzoko jendea joaten zen arropak garbitzera. Artaineko erreka bazterrean, Praderenea eta Arburua etxeen ondoan, garbitzeko harri ikusgarriak badira oraindik ere. Presa berriz, erdiko errotara ura bideratzeko erabiltzen zen. Herrian geratzen den bakarra da. Desagertutako azkeneko biak, Goiko errotarenak eta Etxarlassa-renak, itxuraz honen antzekoak zirenak, azken urtetako uholdeek suntsitu zituzten. Presa honek amuarrainentzako pasua presatuta dauka. Udan bainu lekua bihurtzen da.
ZUBIAK Herritik paseatuta zenbait zubi zeharkatzen dira, batzuk oharkabean eta bertzeak berriz ohartuz. Jarraian nabarmenetako batzuk: Argaratako zubia Estilo erromanikokoa, garai bateko Zugarramurdiko bidearen pasua zen. Antsolokueta auzoko gurutze bidearen amaiera da. Bertatik, San Migelgo irudiaren etorrerarekin, landa eta belardiak bedeinkatzen ziren. Gaur egun Sta Krutz Argarata oinezko ibilbidearen pasoa da. Zubiaundi Anduetzeta eta Antsolokueta auzoak batzen ditu. Herriko zubirik handiena da, zu begi ditu eta jarleku ttiki bat  dauka, non bertatik  erdiko errotaren presa ikuspegi ederra dagon.
ERROTAGARAIAKO KISU LABEA Kisu harria kiskalduz kisu bizia egiteko erabiltzen zen labe berezia. Laborantzarako lurren kalitatea hobetzeko erabiltzen zen kisu bizia, baita igeltseritza lanetarako. Kisua salerosten zen ere.  Honako hau, 2003. urtean zaharberritu zen auzolan moduan. Kisu labe honetaz aparte, herrian eta bere inguruetan, aunitz topatu daitezke, beti ere belardi bazterretan, hauetan beharrezkoak baitziren (Ikusi bideoa: “ETXALARKO KISU LABEAK“).
IÑARRETAKO GURUTZEA Auzo honetan dagoen gurutzea 1735. urtekoa da. Egungo kokapena ez da betikoa, lehen goitiago baitzegoen. Hankan zergati bibliko eta alegorikoak tailatuak daude: alde batean Jesukristo gurutziltzatua eta bertzean burezur batean “Ave Maria” inskripzioa. XX. mendearen hasieran Sevillan burutu zen erakusketa unibertsal batera eraman zuten.
HERRIKO KANPOSANTUA XIX. mendearen erdi aldera eraikia eta bere balioa 12.949 errealekoa izan zen. Garai batean kanposantua elizako lorategian kokatuta zegoen. Honetan aspaldi bertako geletako bat autopsiak egiteko erabiltzen zen. Bertatik abiatzen da Santa Krutz ermitaraino doan gurutze bidea. (Info+)
HERRIKO PLAZA ETA FRONTOIA Garai batean ondoko etxeetako abereak egoteko lekua zen udalak erosi zuen arte. Lehen herriko plaza, gaur Kultur Etxearen aitzinaldean dagoen eremua zen, garai hartan Udal Etxea baitzegoen. Frontoia erabilera publikokoa, argia eta bazter sareekin hornitua.
ANTSOLOKUETAKO GURUTZE BIDEA Gurutze Bidea (“Via Crucis”-a), Aste Santuan egiten den prozesioan kalbarioaren urratsak irudikatzen dituzte. Arrosea etxearen ondoan hasten dira eta Argaratako zubian bukatzen da. Jadanik kale honetan ikusgarri daude gurutze batzuk. Auzoko azken  bidegurutzean, karrikaren kantoiko etxean (Irigoienean) Bienabe Artia margolari ezagunak bere azken urteak bertan eman zituen.
Beheko errota Ia ez dira honen inguruko paperik existitzen. Hondakin egoeran, gaur egun oraindik nabaritzen dira bertaraino ura ekartzen zuen ubidea eta hustubidea eta eraikinaren estruktura. Santa Krutz ermitaren ondoan kokatua dago.
GAZTELUA JAUREGIA Erdi Aroan eraikitako jauregia da. Hasieran neurri txikiagoak zituen, kanpoko itxura dorre baten antzekoa zuen eta babes gune bezala egin zen. Garai batean erreinuko arma lekua izan zen ere. XVIII. mendean berregin zen neurri handiagoekin. Gaur egun oso itxura ederra du eta lorategi eder bat dauka. Eraikinak da jabetza pribatua du eta bakarrik kanpotik ikusi daiteke. (Info+)
SANTA KRUTZ ERMITA XVI. mendean eraikia (1500-1550), barnean Jesukristoren XVI. mendearen hasierako irudia dago. Barnean ere ikusgai daude azken berritze lanen ondotik agertutako ermita sortu zen garaiko margo apaingarriak. Sarrerako lorategia garai desberdinetako gurutzez inguratua dago. Santa Krutz egunean bertan meza ospatzen da. Kondairak dion bezala, ondoko belardi handian inguruko sorginek akelarreak ospatzen omen zituzten. Bertaraino Argarata Sta Krutz ibilbidea eginez ailegatu daiteke modu errazean.
URA ERROTAK Etxalarko eremuan gaur egun 6 errota daude egoera desberdinean; batzuk martxan jartzeko moduan eta bertzeak galmen egoeran. Erdiko errota Herriko errotarik zaharrena da eta herrigunean kokatua dago. Geldirik badago ere, nahiko egoera onean mantentzen da, martxan jartzen duen bere ubidea eta ura bideratzen duen presa bezala. XX. mendearen hasieran, herriko argi indarra sortzen zen bertan. Mende berdinaren bukaera arte, artoa eta garia irintzen ziren.
FATIMAKO KAPERA Fatimako ama birjinari eskainia, bertan bere irudia gordetzen da. Neurri txikikoa bera, Santa Krutz ermitara doan bidearen bazterrean kokatuta dago.