Behekoa

Ondare arkitektonikoa

– Beheko errota

BEHEKO ERROTA

Beheko errota Urritzokieta auzoan kokatuta dago, ermitako zubi ondoan, tximista erreka bazterrean. Bere neurriak, herriko erroten artean ikusita, itxura eta egoera kaxkarrena baldin badu ere, bere denboran errotarik handiena zen. Eraikin gehientsua erorita dago. Irin errota honetan, bertzetan bezala, bertan bizi zirenak, bertan lan egiten zuten errotari moduan.

Bertarainoko ubidea oraindik ikusgarri dago, bertara ura bidaltzeko presa berriz ez. Herriko jendearen erranetan, bertako presa, kurba bat marrazten zuen pareta bat omen zen. Gerra garaietan presa zegoen leku horri “zorrien presa” deitzen zioten, bertan soldaduak garbitzen baitziren. Kanalaren erdi aldean abereentzako pasu bat dago.

Historia

Errota honi buruzko informazioa zehatzik udaletxeko liburuetan ez da ezer ageri. Herritarrek ere erakin honen inguruan ezer gutxi dakite. Udaleko liburuetan agertzen den gauza bakarra hauxe da; herritarrek ordu arteko erroten irintze saio bakoitzagatik zeukaten prezioa altua ikusirik, beraien kontura errota bat egin nahi zutela adierazten zuten. Errotaren onura guztia beraientzat izanen zen eta baita irintze saioko tasa erdia ere. Honi buruz udalak erran zien, errota egiten bazuten beraien kontura egin beharko zutela udalaren inongo laguntzarik gabe, bestela Gaztelukoen aldetik erreakzioren bat gerta zitekeen eta.

Herritarrek errota egiterakoan, kontutan hartu beharra zeukaten ez zutela inoren martxari trabarik egin beharko. Honetaz aparte ez da argi geratzen liburuetan errota egin, ala ez zuten egin. Agian 1730. urteko dekretuaren ezeztatzearekin (Lotura), ez zuten inongo eskaerarik bidali errota egiteko.