HERRIA
– Baserria
Baserria: Bizitza eta eboluzioa
Pixkanaka eta urteak aitzinera egin ahala, garai batean baserritar aunitzek, baserriko baldintza eskasak ikusita, herrian bertan bertze lanean hasteko beharra ikusi zuten edo bertzela edo Lesaka eta Berako herrietan ezarri ziren industria gunetara lan bila joatea tokatu zitzaien.
Gaur egun baserriko bizitza egiten dutenak gutti batzuk bertzerik ez badira ere, hauek tinko eusten diote bizi mota honi nahiz eta oso bizimodu gogorra eta lotua izan. Bertze aldetik baditu bere gauza batzuk aldaezinak direnak tartean naturarekiko eta animaliekiko, batez ere abereak, lotura estua.
Jarraian edozein baserri bateko urte bateko bizi moduaren azalpena:
Baserriko bizitza:
Neguko hilabeteetan aziendak baserritako edo mendietako bordetan egoten dira eguraldi txarretatik babesteko. Sasoien honetan abereei ateko batez ere, idortutako belarra eta pentsua ematen zaie. Hilabete hotz hauetan lehenbiziko arkumeak jaiotzen dira eta hauekin batera lehenengo gasna eta mamia jateko aukera ere.
Udaberrian, egunen hobekuntzarekin, aziendak belardira eta mendira ateratzen dira bertako bazkak jateko.
Ekaina, uztaila, abuztua eta irailean belardietako belarra moztu eta eguzkitan idortu egiten da, ondoren metatu edo fardoak egin. Gaur egun ere bolak egiten dira. Lehen baserri askotan belarra etxeko ganbaran gordetzen zen gero belar hau behiak eta ardiak bazkatzeko erabiltzeko.
Belar meta egiteko unean ilargia ilgoran baldin badago, belarra arrunt idorra ez egonda ere, kalitate onekoa aterako da; alderantziz, belarra ilbeheran metatzen bada, eta ez badago arrunt idorra, belarrari errautsa eginen zaio eta behiak edo ardiak ez dute gustura jaten.
Udan, egun batez, baserritarrak herrira jaisten dira, berriki moztuak izan diren ardien ilea saltzeko.
Belarrarekin egiten den bezala, irailean iratzea pikatu, idortu eta metatu egiten da, urtean zehar aziendari azpiak moldatzeko. Urte osoan aziendari azpiak ateri eta gorotza pilatu egiten da. Frogatua dago gorotza dela ongarririk hoberena lurrarentzat. Neguko hilabeteetan ongarri hau belardiak gorozteko erabiltzen da.
Baserria eta honen inguruaren eboluzioa:
Baserriko lanak uztearekin batera, baserriaren ingurua asko aldatu da auzo aunitzetan.
Batzuetan lantegi txiki edo antzeko eraikuntzak egin dituzte, bertzetan berriz etxe inguruko belardietan, arbolak, pinuak edo fruta arbolak landatu dituzte eta bertze kasuetan baserriak landa etxetan bihurtu dituzte.