Usategiak noiz sortu ziren konfirmatzen duen agiri edo idatzirik ez da existitzen. Usategiei buruz agertzen den lehen aipamena 1378. urtekoa da eta Iruiñeko Kontu Ganbaran dago. Honetaz aparte, 1487. urteko aipamen bat ageri da Etxalarko usategiei buruzkoa baita ere, Iruñeko apezpigutegiko auzi paperetan.
Ehiza modalitate honi buruzko informazio agertzen den urteetatik gaur egungo egunak arte, beti bertako jabeak gaztelua etxea eta Sarako herria izan dira. Hauen aipamenak 300 urte baino zaharragoko idatzietan agertzen dira. Hauekin batera, 1812. urtetik aurrera Iguzkiagerrea etxea gehitu zitzaien Pretrisantzena etxeari Elutsa sarearen eskubidea eta jabegoa erosi ondoren, horrek berarekin zekarren lur, tresneria eta abarrekin.
Kokapenari dagokionez, hauek mugan aurkitzen dira eta historian zehar arrazoi honengatik baimena lortu beharra zuten bertan sareekin ehizatzeko. Bertze alde Frantzia eta Espaina elkar arteko gerran izan ezik, bertze gerrate guztietan, Karlistena, bi gerra mundialetan eta zibilean, sareekin ehizatzen jarraitu zen.

SARE KONTUAK:

XIX. mendeko Usategi buruzko lehen idazkietan agertzen den bezala, garai haietan bakarrik lau sare jartzen ziren. Hauen jabeak Etxalartarrak eta Sarako herria ziren. Sarako herriak Errege edo Frantzes gobernua ordezkatzen zuen eta beraien sareak Kalamua eta Monua ziren. Etxalarkoen aldetik bi etxe bereizten ziren, batetik Iguzkiagerrea etxea Elutsa sarearen jabea zena eta bertzetik Gaztelukoak Miarra sarearen jabeak. Mende bukaeratik aintzinera Sarako herriak bere sareak errentan jarri zituen. 1869an bosgarren sarea jarri zen; Fortuna izenekoa. Eta beranduago, 1920aren inguruan Lakaina izenekoa. Lehen sareak usategieta bertan egiten ziren Frantziatik eta Donostiatik ekarritako hariarekin eta hauen iraupena 8 eta 10 urte bitarteko izaten zen, konponketak eginda. Gaur egungoak berriz 10 bat urte jasan dezakete eta konponduta, urte batzuk gehiago ere.

TREPA KONTUAK:

XIX. mendeko trepen kokapena gaur egungokoarekin konparatuz, ordukoa askoz ere zabalogoa zen, nolabait erranda, trepen artean osatzen zuten “inbutua" gaur egunekoa baino haundiago zen (2 km-ko zabalera), 11 trepa edo ehiza lekuz osatua zegoen eta. Hauetako hiru, Abat-arri, Domikua eta Arrikua, 1971. urtean kendu zituzten, hauen atzekaldea den Gaztainlepoa, ehiztariez bete zenean. Orain leku honetan iparraldeko ehiztariak jartzen dira. Segidan garai haietan usazaleak erabiltzen zituzten trepa eta ehizalekuak:
 
Abat-arri: Turuta eta txatarraz lan egiten zen Domikua: Txatarraz
Arrikua: Txatarraz Larrekua: Korneta eta txatarrez
Idoikua: Txatarra eta makilaz Belata: Txatarra eta makilaz
Trepa: Korneta eta makilaz Trepagibela: Makilaz
Haritzeko trepa: Makilaz. Gibel trepa: Makilaz
Trepa eta ehiza lekuen kokapena lehen eta orain
Denetara garai haietan 13 usazale egiten zuten lan; 4 pertsona sareetan, 3 trepetan goituak eta bertze 6ak ehiza lekuetan bananduak.
 
 

EHIZA KONTUAK:

Lehen usoez aparte, ttortoilak eta oilagorrak ehizatzen ziren sareekin. Azken hauek eguna argitzerakoan eta ilunabarretan harrapatzen ziren. Harrapaketak ez ziren haundiak izaten; 1873. urtean 20 bat harrapatu zituzten. Ttortoliak berriz kopuru haundiagoetan harrapatzen ziren eta sasoi batzuetan usoak baino gehiago harrapatu ziren. Ttortoila harrapaketaren errekorra 1897. urtean dago 337 dozenekin. Hegazti hau ehizatzeko sasoia Ama Birgina egunen, abuztuak 15, hasitzen zen eta San Migel egunean, Irailak 29, bukatu. Erabiltzen ziren sareen laukitxoak. usoetan ibiltzen ziren sareenak baino ttikiagoak ziren. 1925. urtetik aintzinera sareekin ttortoilak harrapatzeaz utzi zen.
Usoak ehizatzeko sasoia berriz, XIX. mendeko lehen urtetan San Migel egunean hasten zen, tortila sasoia bukatzean, eta bukatu berriz San Martinetan, azaroak 11. Orduko harrapaketak gaur egungoak baino askoz ere ugariagoak izaten ziren nahiz azken bi mendetan gora behera franko eman. Harrapaketei dagokionez, bertako histori guztian urterik hoberenak 1933 eta 1955 bitartekoak izan ziren. Tarte honetako urte askotan mila dozenatik goitiko sasoi ugari izan ziren; 1400, 1500, 1600 dozenetako denboraldiak. 1950. urteko arratsalde batean 200 dozena harrapatu ziren. Harrapaketak.
Garai oparo horien ondotik harrapeketa kopurua eta ehiza urritzen eta ttikitzen joan da. Gaur egun 300 dozenetako sasoia ontzat hartzen da eta baita guttiagokoa ere.

Soldatari dagokionez, ez zuten gaur egun bezala soldata finko bat izaten. Lehen harrapatzen zena edo hau saldutakoan b¡ldutako dirua banatzen zen. Banaketa egiterako garaian araudi bat izaten zen, beti ere usazale bakoitzaren lanaren eta esperientziaren arabera. Urteak aurrera joan ahala, banaketa gero eta parekatuagoak egiten ziren. Banaketak. 1970 aintzinera usazale guztiak soldata berdina eduki dute.

Garai haietan liskarrak eta enfrentamenduak ugariak izaten ziren usazale eta ehiztarien artean. Honen soluzio gisa bertako jabeek eta usazaleek arautegi bat sortu zuten bertako funtzionamendu eta giroa erregulatu eta hobetzeko 1906. urtean.
 

ERRENTA:

Liskarrak sortzen zituen bertze gai bat Sarako herriari ordaindu beharreko errentarekin izaten zen, nahiz eta oro har harremanak giro eta maila onekok izan. Sareaz aparteko tresneria eta lanbidea, Sarako lurraldean egiten zenez (eta egiten da), urtero errenta ordaindu behar zen. Ordainketa bi herrien arteko mugan gelditzen den Nabarlasa mendian egiten zen, bai dirutan edo usotan. Hauetaz aparte bi sareen errentak, monua eta fortunarenak, ordaindu behar izaten ziren, Saratarrenak baitziren baita ere. Hauek kasu gehientsuenetan diruz; 1863an 54 franko ordaindu ziren. Urtetik urtera igoerak izaten ziren eta ez nolanahikoak. Hauek Etxalarko jendea haserrarazten zuen, eta eztabaidak sortu ere. Historian zehar lan akordio (1826n) eta hitzarmen ugari sinatu ziren usategien funtzionamendurako. Salmenta kontuak Sara eta Etxalarkoen artean liskarrak sortzen zituen baita ere. Momentu batetan usategiak eskopetako ehizatoki bat bihurtzekotan egon zen ere. Zorionez ez zen horrelakorik gertatu eta gaur egun 1984n sinatutako hitzarmena jarraitzen du. Errenta berriz, harrapatzen denaren arabera ordaintzen da eta gaur egun ez dira sortzen aintzinako eztabaidak.

 

SALMENTAK:

Usategiaren historian zehar uso gehien erosi duen jendea Lapurtarrak izan dira, eta batez ere Sarako herritarrak. 1873an, 241 dozenetik 182 Saran saldu ziren. Hemeretzigarren mendean, Donostiako Real Sport Club-ek, Etxalarko sarean harrapatutako ttortoila eta txolomak eramaten zituen, jaurtitzaileentzako entretenigarri. Inguruko hiriburuetara ere asko saltzen zen. Beti ere desberdintzen ziren bizirik edo hilak zeuden. Gaur egun erostunak berdintsuak izaten jarraitzen dute; lapurtarrak, jatetxe famatuak, erreklamu ehiza motarako, eta abar. Hauen prezioak bizitzaren eboluziarekin batera igotzen joan dira. Hauek izan dira historia zehar izan dituzten prezio batzuk; 1852an uso pare batek (hilak) 14 erreal vellon, 1920an uso bizi batek 7 pzta balio zituen, 1978an berriz uso bizi batek 1500 pzta balio zituen eta hildako batek 275, 1984an biziak 3300 eta hilak 800, eta horrela gaur eguneko pezio arte.

 

HERRIA:

Urteak aitzinera joan ahala Etxalarko herriak usategietan gero eta garrantzi haundiago hartzen joan zen; urte batzuetan Sarako herriari ordaindu beharreko errenta ordaintzen lagundu zuen. Aurreko urteetan, herria eta usategien artean harreman kaxkarrak izaten zen, ehizatoki hau pribatua baitzen. Hala ere bertan Guardia zibila edo ehiztariekin sortzen ziren istiluetan, udalak beti usazalearen alde jotzen zuen. Azkenean usategietako elkarteko kideek, sortzen ziren eztabaidak eta liskarrak ikusita, udalara jo zuten laguntza eskatzera. Momentu horretatik gaur arte, udala izan da usategietako eskopeta ehiziko postuen arduraduna.

 

ESKOPETAKO EHIZA:

Usategien histori guztian zehar eskopetako eta sareeko ehiza, nahiz ehiza mota oso desberdinak izan, betidanik elkar bizi egin dira. Usategietako historian eskopeta ehizari buruz bi bereizketa egiten ahal dira. Batetik 1932 aintzineko garaia eta bertzealdetik 1932 ondokoa. Lehen garaian bertan eskopetarekin ehizatzeko Gazteluren baimena eduki behar zen. Beti bezala istiluak sortzen ziren ehiztari eta sareen jabeen artean. Nahiz eta funtzionamendu legedi bat izan, ehiztari batzuentzat hau ez zen existitzen. Bigarrengo garaian berriz gauzak hobekiago joan ziren. Udalak orduezkeroztik Lizarrieta eta Gaztain lepo bitartean dauden postuen ardura dauka eta zozketa sistemaren ordez enkantearena ezarri zuen. Gaur egun hau berdin dihoa eta urtero bezala Iarmedira urbiltzen den ehiztari kopurua nabarmena izaten da.
 
 
Goiti