ZER IKUSI  
 

Jarrain aipatzen diren leku interesgarriez batzuez aparte, leku interesgarri bezala jo dezakegu ere ondare arkitektonikoko atalean agertzen diren eraikin eta lekuak. Behean gida turiskoa deskargatzeko aukera.

 
 

IÑARRETAKO GURUTZEA
Gurutze honek 1735. urteko data dauka. Orain daukan kokapena ez da beti eduki duena. Lehen gurutzea goitiago kokatua zegoen. Gurutzearen hanka zergati bibliko eta alegorikoekin tailatua dago. Gurutzearen alde batean Jesukristo dago gurutziltzatua eta bertzean berriz burezur batean Andra mari Ave Maria inskripzioarekin.

 
 
     
 

ERDIKO ERROTA
Herrian kokaturik dagoen errota honek, Erdiko errota izena du. Hau, Anduetzeta auzoaren bukaeran kokaturik dago. Errotarik zaharrena da eta oraindik itxura nahiko ona mantentzen du. Gutxi arte errotak artoa eta garia ehotzen zituen. Funtzionamenduan, bertaraino ailegatzen den ur ubide batek jartzen du. Gaur egun martxan bakarrik garbitzeko jartzen dute.

 
 
     
 

PRESA
Antsolokueta auzoan dagoen presa hau, erdiko errotara ura bidaltzeko egin zen. Urtetan zehar ere herritarren jolas eta bainu leku bihurtu zen igerilekuak egin ziren arte. Harri gorriz egindako eraikin hau herriko presarik handienetakoa da. Bertze presak goiko eta beheko errotarentzako egin ziren. Goikoaren neurriak herrian kokatua dagoena baino txikiagoak ziren (2007ko uholdetan suntsitu zen) eta bertzearenak berriz, aztarna gutxi batzuk bertzerik gelditzen dira. Bertze presa bat ere burdinolaren aztarnen ondoan zegoen. Nahiz eta neurriz eta itxuraz herrian dagoena baino handiagoa izan, urtean zehar hondatzen joan zen, 2010. urtean uholdeek hau ere suntsitu zuten arte. Honek bere garaian burdinolaraino ura ubidetik bidaltzen zuen.

 
 
     
 

HARRIZKO GARBITEGIA
Herriko presaren ondoan kokaturik dagoen eraikin hau 1686. urtean egin zen 1657 errealeko aurrekontuarekin. Bertara auzoko jendea joaten zen arropak eta bertzelakoak garbitzera. Kanpoko itxura etxetxo batena da. Garbileku honetaz aparte badira herrian bertze leku batzuk garbilekuak izan direnak nahiz eta leku batzuetan arrastorik ez egon. Garbitzeko harriak ikusgarri daude oraindik Praderenea (Endara etxea) parean eta Arburua etxearen ondoan, Artaineko errekan.

 
     
 

HERRIKO ENPARANTZA (BEHEKO ENPARANTZA)
Herriaren erdi-erdian kokaturik dago, frontoiaren ondoan eta herriko lekurik biziena da. Urte asko ez dira pasa enparantza berritu zenetik gaur egun duen itxura jasoz. Lehen, gaur egun enparantza dagoen lekuan, Mitxelarrenea (Udalaren egoitza) etxearen baratzea zegoen, 1737. urtean erositakoa. Enparantza 1828. urtean eraiki zen. Lehen enparantza arbolez inguratua zegoen, orain berriz frontoia estali zutenetik, arbolak enparantzaren bazterretan daude bakarrik. Bertan ospakizunak eta bertzelakoak burutzen dira.
Enparantza honetaz aparte badago bertze bat sobera ezagutzen ez dena eta goiko enparantza bezala ezagutua dena. Herriko etxe zaharraren (gaur egun kultur etxea) parean dago eta oraindik ere garai bateko galtzada mantentzen du. Enparantza hau herriko lehena izan zen.
 
 
     
 

AKOKA-KO BEGIRATOKIA
Begiratoki hau, ez da espresuki begiratoki bat baino hala ere bertatik herriaren panoramika ederra dago. Leku hau Akoka baserri ondoan dago, herriko ur-andelean. Bertara joateko igerilekurantz doan bidea hartu, honen parean ailegatzerakoan zuzen jarraitu bidea lehen baserriraino, Akoka baserriraino.

 

 

 
     
 

FATIMAKO KAPERA
Kapera hau karrikatik kanpo dago, kanposantutik aitzinera doan bidea jarraituz berrehun bat metrotara. Arbola eta pinu artean dagoen eraiki txiki honetan Fatima birjinaren irudi bat dago barrenean.

 

 

 
     
 

MEATEGIAK
Meategi hauek ez dira sobera ezagunak herrian. Bat Errandoko lepoa bezala ezagutzen den inguruan kokaturik dago, azeri lepoan hain zuzenki. Bertzea berriz leku honetatik ez dago batere urrun. Lizaietako gainetik Bera aldera doan ibilbidearen bazterrean dago, km 1era gutxi gora behera. Meategia honi bere garaian Paloma deitzen zioten. Orain berriz zaila da ikustea erdi tapaturik baitago. Meategi hauetatik seguruenik, minerala ateratzen zuten herriko burdinoletara eramateko.