Atal honetan Etxalarko herrian zeuden ohitura zahar batzuk aipatzen dira. Hauetako batzuk, modu desberdinean bada ere, oraindik ere mantentzen dira. Segidan hauen deskribapen labur bat:

OHITURA ZAHARRAK

Udalakoen bilkura
Lehen udaleko korporaziokoak bilera edo antzeko batera biltzeko, elizako ezkilak hiru aldiz jotzen ziren. Ez ba ziren denak agertzen beraien etxera joaten ziren abisatzera.

Auzolanak
Urte batzuetan ohitura geldirik egon bazen ere, gaur egun martxan jarraitzen du. Garai batean urtean bi egunez egiten ziren, lehen egunean mendietan mintegi lanak egiten ziren eta bigarren egunean hondatutako bideak konpontzen ziren besta aitzineko egunetan. Lanak, herritarrez gain, udaltzainak, basozainak eta bi laguntzaileek egiten zituzten.
Gaur egungo auzolanak herrian zentratzen dira batez ere eta egiten diren lanen artean, bazterrak txukuntzea izaten da egiten den lanik garrantzitsuena.
Zerri hiltzea
Nahiz eta gaurko egunetan ohitura hau etxe aunitzetan egitez utzia den, betidanik ezagutzen den ohitura bat da Zerri hiltzea. Herrian gaur egun etxe gutxi batzuetan jarraitzen da ohitura honekin.
Zerria hiltzeko garaia San Martin egunetik (azaroak 11) aitzinera hasten da, otsaila alde arte, abendua eta urtarrila izanik zerri gehien hiltzen diren hilabeteak.
Hiltzen zen zerria, abuztu aldean aukeratua izaten zen bertze zerrien artetik. Batzuk zikiratu egiten ziren lodiagoak egiteko. Animalia hil aurretik “giak” edo antzeko baimen bat atera beharra zen txerriaren kalitatea ziurtatzeko. Hiltzerakoan kontutan eduki beharra zen zerriaren sexua eta eguraldia; emea bazen garai onena ilbeheran eta arra bazen berriz, hilberrian.
Zerri hiltze egun honetan, bertzetan lan aunitzetan bezala, emakumeak ziren lan gehien egiten zutenak, gizonek txerri eutsi, hil eta txikitzeaz bakarrik arduratzen ziren, eta emakumeak berriz bezperako egunetik baratxuriak eta tipula pikatzen hasten ziren. Zerri hiltzearen egunean odolkiak egiten zituzten eta hurrengoetan berriz, xingar eta haragiak gatzatu eta lukainkak egin. Giro hezea baldin bazegoen lukainkak idortzeko arazoak izaten ziren batzuetan.
Batzuentzat, zerria hiltzeko eguna besta eguna izaten zen, lan aunitz egin behar zen arren. Giro paregabea sortzen zen, senideak ere joaten ziren laguntzera. Egun honekin ongi gosaltzen zen: baratxuri zopa, gibela ondo frijitua, piku batzuk eta gero, kafea anisarekin eskaintzen zuten. Baina hobekien pasatzen zutenak haurrak ziren. Zerria hiltzen zenean, garrasiekin izutzen ziren, baina gero, maskuria garbitu eta puztu egiten zen lehortzeko, gero inauterietan erabiltzeko.
Nahiz eta etxe batzuetan zerria hiltzeko lanetan tresna berriak erabiltzen hasi ziren, errate baterako sopletea zerria erretzeko, , prozesua eta tresna gehienak betikoak izaten jarraitzen dute ohitura mantentzen den etxeetan; nabala zerria hiltzeko, iratzea zerria erretzeko, kalean zerria zintzilikatu hozteko, eta abar....
Behin zerria puskatutakoan auzoko eta senideei puska batzuk eramaten zitzaien. Lehen, puskak, aza hostoetan bilduta eramaten ziren eta etxe bakoitzera zerri puska (odolkia, gibela, lukainka...) zehatza eramaten zen. Puskak entregatzerakoan diru, galleta edo bertzelakoak ematen zituzten. Gero bertze etxekoek hiltzen zutenean, emandako zerri puska berdina bueltatzen zuten. Azken hau, oraindik ere gaur egun mantentzen da.

ERLIJIOZKO OHITURA ZAHARRAK

Aste Santua
Garai batean aste santuko prozesio ortzegunetan izaten zen, gaur egun berriz ostiraletan. Prozesioaren birari dagokionez lehen egiten zen berdina da egiten da ere egunotan, Jauregieta, Iñarreta eta Andutzeta auzoetatik pasatuz. Ohituta den bezala, prozesioaren ondotik berenduak egiten dira herriko elkarte eta ostatuetan. Lehen egun honekin bakailaoa jateko ohitura zen, orain berriz edozein gauza berentzen da.
Lehen ostirala santu goizean “via crucis”-a edo gurutze-bidea egiten zen. Ospakizun honetan, 14 gurutzek, kalbarioaren urratsak irudikatzen dute. Ibilaldi honetan errezatzen joaten ziren honako tarteak eginez: Kanposantutik ermitara eta Arroseko iturritik Kamioa etxeraino. Aipatu tartetan ikusgarri daude “Via crucis”-eko edo gurutze-bideko gurutze gehienak.
 
Aralarko San Migelen imajina
Garai batean, gaur egun bezala, urtean behin bakarrik etortzen zen Aralarko San Migelen imajina, baina zeregin gehiago izaten zituen. Hauetako zeregin bat landa eta belardiak bedeinkatzea izaten zen. Horretarako honako ibilaldia egiten zuen:
• Lehen bedeinkapena: Elizako atarian.
• Bigarren bedeinkapena: Irisarrea etxeko atakan (Landagain eskola ondoan)
• Hirugarren bedeinkapena: Landabaurua etxean, Iñarreta auzotik joanda.
• Laugarren eta azken bedeinkapena: Argatako zubian, Antsolokueta auzoan herriko saihesbidetik joanda.
Bedeinkapenak egin ondotik, imajina elizara itzultzen zen.
San Migelen Imajinak bertze zeregin bat izaten zuen ere; hagitz eri zegoen jendeak nahi izan ezkero, Aralarko San Migelen imajina etxera eramaten zieten hau miresteko.
Gaur egun berriz Aralarko San Migelen bedeinkapena, elizako atarian bakarrik egiten da
Udaleko korporazioaren urteko mezak
Bere denboran Etxalarko udaleko udal korporazioak meza zehatz batzuetara joan beharra zeukan. Jarraian 1875. urtean joan behar zuten meza zerrenda. Garai hartan herriko alkatea Juan Arrivillaga zen eta idazkaria Javier Azua.
- Jaunaren erdainkuntza (Urt. 1), Erregeen adorapena (Urt. 6), Andra mariaren garbikuntza (Ots. 2), Berrogeita hamarren igandea (Inauteriak, Bulda), Erramuen bedeinkapen igandea, ortzegun eta ostiral santua, Berpizkunde igandea, Jaunaren goraldia, Mendekoste eguneko pazkoa, SSmo Habeas Christi, Jesusen bihotz sakratua, San Pedro (Eka. 29), San Fermin (Uzt. 7), Santiago (Uzt. 25), Andra Mari (Abu. 15), Andra Arrosario (Urrian), Santu guziak (Aza. 1), Andra Maria sortzez garbia (Abe. 8), Jesus kristoren jaiotza (Abe. 25).
Gainera, Andra mari eguneko bezperan joaten ziren: zortzigarren "SSmo Hábeas christi" egunean eta hilabeteko hirugarren igandean
 
Biderakoa (“Viático”)
- Zer da?: Hil zorian zegoen jendeari eukaristiako sakramentuak ematen zieten.
Biderakoa jasotzeko, aldez aurretik gaixoak edo bere etxekoak eskaera egin beharra zuten. Behin elizakoak enteratu ondotik, hiru kanpai-hots jotzen zituzten gaixoa karrikan bizi baldin zen eta hamar baserrikoa balitz. Karrikako Kanpai hotsak jo ondotik meza-mutilak txintxilla jotzen zuen herritarrak elizatik agertzeko. Hemendik argizari batekin, gaixoaren etxeraino apezari laguntzen zioten. Etxera jendea ez zen igotzen.
Apeza baserri batera joan behar zuenean herritarrek bertaraino ez zioten laguntzen.
Behin gaixoarekin, jaun-hartzea eta oliadurak ematen zitzaizkion gaixoari.