AZOKA & MERKATUA
 
 

1850-1860, urte inguruan Etxalarko herriari, orduan Nafarroako komertzio, eraikuntza eta herri lanetako ministroa zenak, Baimen erreal (Permiso real) bat eman zion herrian urteroko azoka urtarrilaren 15, 16 eta 17an egiteko eta hilabete bakoitzeko 2. eta 4. asteko egun batean merkatua egiteko baita ere.

Udalak astelehena aukeratu zuen merkatuak egiteko eguna, eta honen berri Nafarroako gobernadoreak izan zuen.

Udalak, merkatuaren funtzionamendua ona izan zedin, arau batzuk atera zituen:
- Debekatua zegoen beheko enparantzan abereak uztea (oraingo enparantza).
- Merkatuko lehen egunean Jauregieta, Iñarreta, Artanaran, Sarriku, Orizki, Orainbeta eta Lakain auzotako etxe bakoitzetik edozein eratako azienda bat eraman beharra zuen. Bigarrengoan berriz Andutzeta, Antsolokueta, Gorosurreta, Lurrizti eder (Burdinola aldera), Urritzokieta eta Larrapilkoek.
- Denek ordu biak baino lehen, azienda eraman zutela egiaztatu beharra zuten.
- Udan bortzetan eta neguan lauak arte egon beharra zen, bestela pezeta bateko isuna zeukaten.

 
     
 
     
 
  AIPAMENAK  
 

- 1776. Etxalarko herrian urte honetan epidemia edo izurrite latz batek 591 abere buru hil zituen. Hauen ordez ahuntzak ekarri zituzten. Hauei hortzak moztu zizkieten arbolei kalte ez egiteko.

- 1785. 27 lur eremu eman zitzaizkion dohainik Juan Mª Iturria-ri bere anaiak bidali zuen dirua konpentsatzeko. Anaia Indian zegoen misiolari bezala. Bidaltzen zuen dirua, elizarako organo berri bat erosteko zen.

- 1843. Iruña eta Endarlatsa arteko errepidearen eraikuntza.

- 1849. Hiru edo lau otso lau-herri (Bertizarana) eta Etxalar arteko lurraldeetan.

- 1851. Herriko errepidea eraiki zen burdinolatik herrira. Denetara 8 urte iraun zuten.

- 1852. Herrian 445 bizilagun eta 1825 arima zeuden.
Urte honetan bertan, Txirrimako teila eta adreilu fabrikako enkante publikoaren baldintzak atera ziren, herramintak eta txabola barne.

- 1852an frontoiaren (Orduan "plaza del juego de la pelota") egoera kaskarra ikusita, txerri eta itaizuren ondorioa, konpontzea erabaki zen.

- 1853an Ramon Iribarrenek, Lekunberri baserriko jabeak, berak zeukan kobre fabrika, presa eta terrenoekin truke egin nahi zuen udalarekin.

- 1854. Mitxelarrenea (Udalatxea) eta Atxurdenea herriarenak zirenean, lehenbizikoan Maisuen logelak eta haurren eskola egoten zen eta bertzean berriz haurrentzako logelak.

- 1855. Urte honetan hil ziren 62 pertsonatik, 29 koleraren erruz hil ziren.

- 1876. Gerran hildako guztiak, zentinela mendiko bataila eremuan lurperatu zituzten otsailaren 18 eta 19an.

- 1881. Herriko gaztainondoak eritu egin ziren.

- 1885. Isastea eta Arrosea arteko pareta egin zen eta 966 pzta kosta zen

- 1890. Urte honetan hiltegia eta harakindegia egiteko akordiora ailegatu zen udala.

- 1893. Eliza eta Arrosea arteko ibilbidea egin zen eta 4200 pzta kosta zen

- 1925. Añegiko tunela botatzeko akordiora ailegatu ziren 6000 pezetetako aurrekontuarekin.

- 1949. Herriko kaleak eta enparantza zola berritu egin ziren.

 

 

 

Herriko sarerra 1950. urtean

Iņarretako gurutze, 1929ko martxoak 30

 
   
  Etxalar, Larrraburua eskola zenean Etxalar, Frontoian palaz jokatzen  
     
 
     
 
 
KARLISTEN AZTARNAK

Karlista garaiko aztarnak Atxuri mendian daude. Hauek aurkitzeko, mendia hegoaldetik begiratuta, lepo ttiki bat marrazten duen lekuan daude aztarna batzuk eta bertzeak berriz, hauen parean baina mendiaren hegoaldeko magalean, 150 metrotara gutti gora behera. Leku hau inguru guztiko mugimenduak kontrolatzeko leku paregabea zen. Oraindik ere nabaritzen da bertaraino, Zugarramurdi aldetik, ailegatzen den gurdi bidea. Aztarnak ikusita erran daiteke hiru edo lau eraikuntza zeudela, beraz jende mordoa egonen zen inguru haietan.

   
 
     
 
     
 
 
PERTSONAI HISTORIKOAK
Teodoro Arburua Irisarri
Idazterakoan, Arburu’tar Todor izena erabiltzen zuen berak, gehienetan. 1876ko Azaroaren 8an jaio zen Etxalarren, Iñarreta auzoko Etxeberria etxean (Etxeberriko apeza deitzen zioten) . Iruñeko Apeztegian ikasketak burutu, eta 1900.ean apeztu zen. Etxalarren bertan eman zituen bere bizitzako urte gehienak, erretorearen apez lagunkide. 1917tik 1920ra erretore ardura bere gain izan eta, berriz ere lagunkide jarraitu zuen, Etxalarko egonaldi luzea Estatu espainoleko gerra zibilak moztu zuen arte, 1936ko abuztuan Etxalartik kanporatua izan baitzen, arrazoi politikorengatik, bertze hainbat bezala. 1941eko martxoan Etxalarren ageri da berriz ere, parrokiako apez lagunkide, gerra aitzineko urteetan bezala. Hemen hil zen 1942ko otsailaren 11n, 66 urte zituela.
Teodoro Arburuaz zerbait nabarmendu behar eta, euskaltzale sutsua izan zela erranen nuke, euskararen eta euskal kulturaren kontzientziadun eta horren arabera jokatu zuena, euskaraz bizi eta ukitzen zuen guztiari euskal hatsa ematen ziona. Euskaltzaindiaren sorreran parte hartu zuen.
 

Aita Eusebi Etxelarkoa – Fr. Eusebio de Etxalar
Euskaraz idazterakoan erabili zuen lehenbizikoa: Eusebi Etxelarkoa. Gaztelaniazko idazkietan, berriz, Fr. Eusebio de Echalar-Etxalar. Etxalarren 1874ko abenduaren 16an jaioa, bere jatorriko izen-deiturak Eusebio Eltzaurdia Zubieta dira. Fraide kaputxino egin, eta 1898an Lekarozen apeztua izan zen. Bertan jarraitu zuen, irakasle eta predikari, euskaraz nahiz gaztelaniaz. Madrilen El Pardoko komentuan arduradun izendatu zuten, XX. Mendearen hasieran. Kaputxinoen Probintzien muga aldaketak zirela eta, Nafarroako Probintziari atxikia gelditu, eta Lekarozera etorri zen. 1909az geroztik 1956an hil arteko urteak hemen egin zituen. 82 urte bizi izan bazen ere, gazte-gaztetandik hagitz osasun eskasekoa izan
zen. Hain eskasekoa, eskola emateko ere ez baitzen gauza izan urte gehienetan. Ikasteko bai, ordea, trebea eta ikasizalea izan zen, ezagutu zutenek diotenez. Teologia eta Historiaz gain, ekialdeko hizkuntzak ikasteari gogotsu ekin zion, hebraierari batez ere, Bibliako Itun Zaharreko hizkuntza zelako edo. Euskaltzaindiaren sorreran parte hartu zuen.

 

Teodoro Arburua eta Aita Eusebi Etxelarkoaren informazio gehiago hemen
 

Etxarlarko Iñigo: Etxalarren jaiotako militar nafarra. Armategia zen Gaztelua jauregian jaio zen. Etxarreneko batailan egon zen 820. urtean.

Eusebio Etxalar: Idazlea. Euskal gaiari buruz ikerketa batzuk egin zituen eta batez ere euskal izenen analisia eta interpretazioaren berbaldia "Geografia Gral. del P. V-N"-ean publikatutakoa.