Etxalar bisitatzeak, bere histori barnean sartzea suposatzen du, herrian zehar banaturik dauden etxe, monumentu eta artelanak ikusiz. Etxalarko etxeak, tradizioaren adibide argiak dira, mendeetan zehar mantenduz. Zaharrenak XV eta XVII. mendeen tartean eraikiak izan ziren. Etxe aunitzek sarrera ate gaineko harrian, etxearen izena, noiz eraiki edo noiz berreraikiak izan ziren agertzen da, baita batzuetan nork egin zuen.
Etxe gehientsuak dimentsio handiak dituzte, silarrian eraikiak dira eta batzuetan fatxadan duten egurrezko armazoia ikusi daiteke. Balkoiak ere egurrezkoak dira etxe aunitzetan. Badira baita ere, baina askoz gutxiago, estruktura kubikoa duten etxeak. Hauen balkoiak mentsulengatik eusten dira. Arkitektura mota hau XIX. mendekoa da.

Etxe zahar hautez aparte, badira herrian eraikitze berriko etxeak. Hauek, antzinako etxeen itxura dute, herriko arkitekturaren harmonia mantenduz. Gehienek atarian euren izenak jarriak dituzte.

Gaztelua
Erdi aroan eraikitako jauregia, XVIII. mendean berregin zen. Hasieran neurri txikiagoak zituen, kanpoko itxura dorre baten antzekoa zuen eta babes gune bezala erabiltzen zen. Garai batean erreinuko arma lekua izan zen ere. Berregin ondotik etxearen neurriak oso handiak geratu ziren. Azken urte hauten, itxura moldatze handia jaso dute jauregiaren inguruak, oso polita geldituz.
 
Udaletxea zaharra (Kultur Etxea)
1685. urtean eraikitako etxe handi hau udaletxea izan zen XIX. mende arte, honen ondotik herriko kuartela bihurtu zuten. Eskola ere izan zen ere, orain berriz herriko kultur Etxea da. Sarrerako atarian alde batetik harrizko arku bat du eta bertzetik harrizko bi pilare (1685. urteko inskripzioarekin) arkupe bat osatuz. Bere fatxadan agerian gelditzen da egurrezko armazoia. Bere arkupearen bazterrean garai batean abereentzako erabiltzen zen baskula bat dago.
 
Udaletxea
Etxe honek historia handia dauka. Mitxelarrenea izenekoa, udalak Katalani Maritxalar-reri erosi zion 1737. urtean, 837 duketza eta 5 errealen truke. 1828. urtean etxe hau bota eta berregin egin zen. Berregitearen aurrekontua 15.498 errealena izan zen. Eraikina lau uretako bloke handi batean geratu zen eta sarreran arkupe batekin. 1887. urtean udaletxe zaharrean zegoen armarria, Mitxelarrenera ekartzeko akordiora ailegatu zen. Azkeneko itxura aldaketa 1956 uretan egin zitzaion balkoi berria jarrita. Honen aurrekontua 11801.50pztakoa izan zen. Etxe honek sute bat ere jasan zuen. Honen ondorioz paper asko nahasturik gelditu ziren leihotik bota baitziren ez erretzeko. Garai batean etxe honetako ganbaran zegoen herriko kartzela. Bertan ere, eraiki zenetik, herriko alondegia beheko solairuan egoten zen eta ostatua lehendabiziko solairuan.
Denbora batez soldaduentzako kuartela bezala prestatu zen, baita irakasleak ostatu hartzeko eta eskola bezala haurrentzat. 1828. urtetik gaur egun arte, etxe hau herriko udaletxea da. Bertan ere Gizarte Zerbitzuen eta Zaborren mankomunitateak daude, baita ere udalak alokatzen duen Herriko Ostatua.
Eskola Zaharrak
1887. urtean Leandro Armaza filantropoak herriari oparituko eraikina da. Eraikuntzaren lur eremua Aldalurreko Bernardo Sanzberro-ri erosi zitzaion 480pztaren truke. Bertan herriko hainbat generazio ikasi dute bere garaian eskola publikoa izan baitzen. Gaur egun herriko elkarte desberdinen egoitza da eta erabili anitzeko eraikina ere
 
 
Goiti